Korrikaren hasiera egunean, korri baino gehiago egiteko plana
Lekukoak 16:00etan hasiko du Euskal Herri osoa zeharkatzeko bidea. Horren aurretik baina, kale animazioa egongo da eta Korrika Gaztea egingo dira.
Bederatzi egun besterik ez dira falta Korrika Irundik irteteko eta dagoeneko iragarri dute zein izango da martxoaren 14ko egitaraua. Bi gune izango dira, San Juan plazakoa eta Moskuko plazakoa. Korrikaren irteera San Juan plazatik izango da, eta Irun eta Hondarribitik barna 56 eskutatik pasako da lekukoa. [Egitaraua, azpian].
Hiru txosna egongo dira, guztiak Moskun, eta janaria eskuratzeko Irungo Larrea janari prestatuak-en postua jarriko da. Horiek guztiak 12:30ean jarriko dira martxan, eta jantokiak Irungo Mendizaleen elkartea eta Motor elkartea izango dira, 12:30etatik 15:00era. Ospitale zaharrean Euskal Herriko artisau batzuk osatutako taldearen azoka egingo da eta 11:30ean hasiko da. Guztira bederatzi postu jarriko dituzte eta HITZA ere bertan izango da.
Egun osoko festa izango da Korrikaren irteera eta AEK-k iragarri du boluntarioak beharko direla egun horretan. Esaterako, puntu morea bermatu nahi dute eta horretan laguntzen egoteko prest dauden lantaldeen izen ematea eskatzen ari dira, hau da, ez norbanakoena, baizik eta dagoeneko eratuta dauden taldeena. Horretarako, Irungo AEK-rekin jarri behar da harremanetan haien sare sozialetatik. Korrika denda ere egongo da bi guneetan eta horretan ere txandak osatu nahian eta boluntario bila dabiltza.
Martxoaren 13an prestakuntza lanetan arituko dira. Ficobako aparkalekutik San Juan plazaraino ibilbide bat markatu nahi dute, Irunera festaz gozatzera datorrena bidean galdu ez dadin. Izan ere, Irunera iristeko ohiko garraiobideez gain, ibilgailu partikularrean iritsiko direnek Ficobako aparkalekuan doan ahalko dute aparkatu eta normalean 22:00etan ixten bada ere, egun horretan 22:00etatik aurrera ere kotxea bertatik ateratzeko aukera egongo da.
Korrika Gaztea
Hilaren 14ean lehenengoak korri egiten Irungo ikastetxeetako 3. eta 4. DBHko ikasleak izango dira. Korrika Gaztea egingo da Irun erdialdeko inguruetan zehar, 11:00etatik aurrera. Ibilbidea: Mendeluko biribilgunea; Kolon pasealekua; Gipuzkoa hiribidea igo eta jaitsi; Kolon pasealekua; Foru kalea; Kale Nagusia; San Juan plaza; Kolon pasealekua; Zabaltza plaza.
Martxoaren 11n, berriz, Korrika Txikia egingo da ere Irungo karriketan barna. Goizeko 10:00etan irtengo dira txikienak eta ibilbidea honako hau izango da: San Migelgo Gurutze Gorria; Antzarango plaza; Kolon Pasealekua; Joaquin Gamon kalea; Luis Mariano lorategiak; Gipuzkoa etorbidea; Zabaltza plaza.
- 11:00etan: Korrika Gaztea
- 11:30ean: Bertsopoteoa San Juan plazatik abiatuta. Korrika babestu duten tabernetatik pasako dira.
- 11:30ean: Euskal Herriko Artisauen azoka.
- 12:30ean: Txosnen irekiera.
- Jantokiak, 12:30etik 15:15era: Irungo Mendizaleak eta Motor elkarteak.
- 15:30ean: Ekitaldi nagusia.
- 16:00etan: Korrikaren irteera.
- 17:30ean: Kontzertuen hasiera.
- 17:30ean: Burrunba elektrotxaranga.
- 19:30ean: Esne Beltza.
- 21:30ean Bad Sound System eta Lagunak.
- Txosnak irekita.
No hay comentarios:
Publicar un comentario