martes, 20 de abril de 2021

Udalekuak eta abentura «Made in Irun»

Noticia publicada en Conecta Bidasoa,el martes día 20 de Abril de 2021.

Udalekuak eta abentura «Made in Irun»

Apirilaren 26tik 30era irekiko da 2021eko udalekuetan izena emateko epea. Pandemiagatik, Martindozenea gaztelekuan egingo da, inguruetara irtenaldiak eginez


Apirilaren 26tik 30era irekiko da 2021eko udalekuetan izena emateko epea. / Irungo Udala

Santi Jimenez Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkariak Udalekuen 2021eko udal-programa aurkeztu du astearte honetan; izan ere, aurtengo udan berriz egingo dira, iaz ez ziren-eta egin. Berrikuntza nagusia da, beste edizio batzuetan ez bezala, ekimen hau Irunen egingo dela COVID-19aren pandemia dela-eta horrelako jardueretarako ezartzen ari diren neurrien ondorioz.

«Udaleku hauen helburua da udalerriko haur eta nerabeek, etxetik irten ezinik hainbeste hilabete igaro ondoren, abentura-jarduerez gozatzeko aukera izatea astebetez, ohikoagoak diren beste leku batzuetan egingo luketen bezala, baina kasu honetan gure inguruan ditugun baliabide naturalak aprobetxatuz. Programaren helburua da, halaber, beren adineko gazteekin bizikidetza indartzea eta haien autonomia bultzatzea, hazkundearen fase horretara egokituta. Familien kontziliazioa da gure beste helburuetako bat, gurasoek aukerak behar baitituzte eskolako oporraldiari begira beren egitekoak antolatzeko», azaldu du Santi Jimenezek.

Deialdia 2005 eta 2013 artean jaiotakoei zuzenduta dago, urte biak barne, eta astebeteko sei txandatan egingo da.

Izena emateko betekizunak honako hauek dira: Irunen erroldatuta egotea eta udalekuak egiteko aukeratutako hizkuntza partehartzailearen eskolako hizkuntza-eredura egokitzea. Eskaintzak 180rentzako tokia du. Izena emateko epea apirilaren 26tik 30era egongo da zabalik. Izen-emateak telefonoz egin daitezke, 010 edo 943 50 51 52 zenbakietara deituz 8:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 8:30etatik 13:30etara, eta baita www.irun.org udal webgunean edo udal autozerbitzuko terminaletan ere.

Fitxa bakoitzean, batera egindako aurretiko hiru izen-emate onartuko dira gehienez ere (anai-arrebena, lagunena eta abar), betiere txanda berekoak badira, eta adinaren eta hizkuntzaren baldintzak betetzen badituzte. Honako hau da txanden zerrenda:

1. txanda: uztailak 5/11, 8-10 urte (euskaraz) 2011./2012./2013. urteetan jaiotakoentzat.
2. txanda: uztailak 11/17, 11-13 urte (euskaraz) 2008./2009./2010. urteetan jaiotakoentzat.
3. txanda: uztailak 17/23, 8-10 urte (euskaraz) 2011./2012./2013. urteetan jaiotakoentzat.
4. txanda: uztailak 23/29, 11-13 urte (euskaraz) 2008./2009./2010. urteetan jaiotakoentzat.
5. txanda: uztailak 29/abuztuak 4, 14-16 urte (euskaraz) 2005./2006./2007. urteetan jaiotakoentzat.
6. txanda: abuztuak 4/10, 14-16 urte (elebiduna) 2005./2006./2007. urteetan jaiotakoentzat.

Txanda bakoitzean 30entzako tokia eskaintzen da

Aurkezten diren eskaeren artean zozketa eginez erabakiko da Udalekuetan zeintzuk parte hartuko duten. Zozketarako onartutako pertsonen behin-behineko zerrenda maiatzaren 5 eta 6an kontsultatu ahalko da hemen: www.irun.org, edo 010 eta 943 50 51 52 telefonoetara deituz, edo udalaren autozerbitzu-terminaletan. Bi egun horietan, egoki iruditzen zaizkien alegazioak egin ahal izango dituzte interesdunek. Maiatzaren 11n, 10:00etan egingo da tokien zozketa publikoa. Maiatzaren 17tik 23ra egingo da behin betiko izen-ematea. Prozesua amaitzen denean, bilera bat egingo da udalekuetara joango direnen gurasoekin, programaren informazio guztia partekatzeko.

Honako hauek izango dira prezioak toki bakoitzeko: Irunen bizi ez direnentzat: 165,60 euro (familia-unitateko kide bakarra); 129,90 euro (familia-unitateko bi kide); 97,40 euro (hiru kide); 64,95 euro (lau kide).

Irunen bizi ez direnentzat: 198,75 euro (familia-unitateko kide bakarra); 159,02 euro (familia-unitateko bi kide); 119,24 euro (hiru kide); 79,51 euro (lau kide).

Kuota orokorraren % 75eko hobaria aitortzen zaie Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten bizikidetza-unitateetako pertsonei eta antzeko egoera bat justifikatzen duten pertsonei, azken horien kasuan aurretik Gizarte Ongizatek txostena eginda. Hobari hori ezin izango da metatu beste salbuespen edo hobari batzuekin.

No hay comentarios: