viernes, 9 de agosto de 2024

TAO zerbitzurako aplikazioa abisurik gabe aldatzea salatu du Elkarrekin Irunek

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el jueves día 8 de Agosto de 2024.

TAO zerbitzurako aplikazioa abisurik gabe aldatzea salatu du Elkarrekin Irunek

Abuztuaren 1ean aldatu zen aplikazioa eta herritarren artean "haserrea" eragin duela adierazi du Elkarrekin Irunek. Udal gobernuari komunikazio falta egotzi diote.

Irungo TAO sistema mugikorreko aplikazio bidez ordaintzeko Blinkay enpresarena izan da orain arte udalaren esleipena, baina pasa den abuztuaren 1ean beste enpresa baten aplikazioaren bidez egin behar dira ordainketak. Aldaketa horren berri ez ematea egotzi dio Elkarrekin Irunek udalari eta herritarren artean informazio faltak “haserrea” eragin duela baietsi dute. David Nuño koalizio morearen bozeramailearen esanetan, zaila da sinestea udalak ez jakin izana Blinkay aplikazioak zerbitzua emateari utziko ziola. “Komunikazio falta” izan du udal gobernuak.

Aplikazioaren aldaketa, aparkaleku ereduak funtzionatzen ez duenaren eredua izan dela dio Nuñok, eta ez diola inori onurarik ekartzen adierazi du, ez bertakoei ezta hirian zehar mugitzen direnei ere. Ordaintzean soilik oinarritzen ez den eredu bat behar dela defendatu du bozeramaile moreak, eta TAO zerbitzua “sistema ona” izan daitekeela uste du, baldin eta auzoetako bizilagunen eta kanpokoen arteko bereizketa egiten den. “Irizpide bakarra ordaintzea den heinean, ez dago inolako onurarik inorentzat, ezta TAOk daukan helburuarentzat ere”.

Aparkalekuen kudeaketa ereduaren eztabaida mahai gainera eraman duten aldiro, udal gobernuak “ez zela horretarako leku egokiena” erantzun izan diela deitoratu du Elkarrekin Irunek. Erantzun hori, aurrekontuak idazterakoan eta moldatzerakoan, HJMPn eta emisio baxuko eremuaren eztabaidan gertatu dela zehaztu dute. Udal gobernuari ez zaiola eztabaida hau interesatzen uste du Nuñok, “ez duelako titular politik ematen”. Ausardia falta leporatu diote Irungo udal gobernuari.

Udararen bueltan TAO sistemareako baldintza agiri berriekin egingo dutela topo ziur da Elkarrekin Irun eta “akats bat” izango dela aurreratu dute. Izan ere, herritarrekin eztabaidatu gabe hartuko dute erabaki hori, “kiroldegiekin egin bezala” erantsi du. “Kontratua erakutsiko digute, ezingo dugu alegaziorik aurkeztu eta herritarrek haien poltsikotik ordaintzen jarraituko dute” bukatu du bozeramaileak.

No hay comentarios: