viernes, 9 de agosto de 2024

Turismoari dagokionez uztailerako aurreikuspen guztiak gainditu dira

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el jueves día 8 de Agosto de 2024

Turismoari dagokionez uztailerako aurreikuspen guztiak gainditu dira

Irunen udako bigarren hilabeteko hotel okupazioa %96koa izan da eta turismo bulegoak 1.579 bisita jaso ditu.

Udako bigarren hilabeteko datuak helarazi ditu Bidasoa Bizirikek. Nuria Alzaga Bidasoa Bizirikeko presidenteak adierazi duenez oso pozik daude jaso berri dituzten datuekin. Izan ere, okupazio datu altuek eta bisitarien aniztasunak Irun “helmuga erakargarria eta irisgarria” dela erakusten duela adierazi du.

Uztailean Irungo hotel okupazioa %96koa izan da; hau da, iaz baino puntu bat altuagoa. Jatorriari dagokionez, iaz lo egiten geratu zen %75a Euskal Herrikoa, Espainiako estatukoa zein Herrialde Katalanetakoa zen, eta %25a atzerritarrak ziren. Aurten, berriz, aldaketa bat eman da. Bertan lo egitera geratu diren Euskal Herritarren, Espainiako estatukoen zein Herrialde Katalanen bisitarien kopurua %57ra jaitsi da eta atzerritarrena, berriz, %43 igo da. Batez besteko egonaldiari dagokionez bi gaukoa izan da pertsonako.

Orain artean, kultura eta katura ondarea kontserbatzera era hobetzera bideratutako ekintzak inplementatu dituztela jakinarazi du Alzagak, eta horiek beren fruituak eman dituela ziurtatu du: “Jasangarritasunarekin eta irisgarritasunarekin konprometitutako turismo helmuga adimendun gisa finkatu da”.

Turismo bulegoari dagokionez 1579 pertsona artatu dituzte azken hilabetean. Horietatik 151 telefono edo posta elektroniko bidez izan dira. Bulegoan jasotako bisitarien jatorriari dagokionez gehienak, Espainiako estatutik eta Herrialde Katalanetatik etorritakoak ziren. Baina, bisitari frantsesak, ingelesak, alemaniarrak eta italiarrak ere bertaratu dira.

Kontsulta motei dagokienez %34a informazio orokorra, mapak, liburuxkak eta ondareari buruzkoak izan dira. Ondoren, agenda, jai eta ekitaldiei buruzkoak kontsultak egin dituzte (%21). Familia turismoari buruzko informazioa %10 ingurukoa izan da, bisita gidatuei buruzkoa, berriz, %5-%6 artekoa eta informazio gutxien eskatu dutena: Done Jakue bideari, enogastronomiari eta naturari buruzko informazioa.

No hay comentarios: