Bidashopek Segurtasun Mahaia utzi du
Segurtasun faltak eta kriminalizazioak gora egin duenaren pertzepzioa dute eta mahaiaren parte izan diren bi urteetan ez dietela kasurik egin salatu dute.
Bidashop dendarien eta ostalarien elkarteak utzi egin du Irungo Udalaren Segurtasun Mahaia. Bi urtez egon dira Segurtasun Mahaiko bilera guztietara joaten eta “etsipena” adierazi dute. Bilera horietan beti “proposamenak egin” eta “problemak adierazi” dituztela nabarmendu du Susana Fernandez bozeramaileak. Soluzioak proposatu izan dituzte ere, baina aipatutako guztiari udalak ez ikusiarena egin izana salatu dute. Gaur egindako agerraldian Erdiguneko eta Alde Zaharreko auzo elkarteen babesa izan dute.
Aste honetan segurtasun eta kriminalitateen datuak eman dituzte eta delituak iaz jaitsi egin zirela jaso dute. Dena den, Bidashopeko kideen pertzepzioa ez da berdina eta urte oso batean 900 lapurreta egon izana, egunean hiru lapurreta direla azpimarratu dute. “Lapurtu, mehatxu egin, erakusleihoak puskatu eta jazarri egiten gaituzte. Babesik gabe sentitzen gara eta bien bitartean erakunde publikoek beste aldera begiratzen dute. Ezin dugu gehiago”, zehaztu dute.
“Ahaztuta” sentitzen direla deitoratu dute eta salatu egin dute udalak hiriko segurtasun egoera “ez dela larria” ebatzi izana. “Neurriak aztertzen ari direla esan ohi izan digute eta bien bitartean segurtasun ezak jarraitu egin du, ezin ezer egitearen sentsazioa ere hazi egin da, eta horrenbestez, erakundeekiko konfiantza desagertu egiten da”, salatu dute.
Bidashopek uste du Irun erosteko eta aisiarako bere “erakargarritasuna” galtzen ari dela, eta gaur egun, ostalaritza “heriotzara arte zaurituta” dagoela adierazi dute. Horregatik, “kasurik egiten ez dien” eta “geldotasuna justifikatzeko erabiltzen dieten” mahaiaren parte izateari uzteko erabakia hartu dute.
Segurtasunaren auziaz harago, bestelako kezkak ere plazaratu dituzte. Elkartearen arabera, Irun poliki-poliki hiltzen ari da eta udalari ez zaiola axola iruditzen zaiela deitoratu dute. “Komertzioa eta ostalaritza itzaltzen ari dira baina benetako babesa eman beharrean, ezertarako balio ez duten proiektuak ikusten ari gara, eta haiekin batera erabaki arbitrarioak hartzen dituzte. Erabaki horiek biziraupena zaildu egiten dute”, azaldu dute.
Emisio Baxuko Eremua izan dute ondoren hizketagai. Irun jasangarriagoaren aldeko iritzia adierazi dute baina ez dute uste politika horiek aplikatu behar direnik beraien negozioak “itotzen”. Kasu honetan ere ez dietela entzun salatu dute eta Emisio Baxuko Eremuak “kalte gehiago” egingo diela aurreikusi dute.
TAO zerbitzuaren kudeaketari buruz aipatu dute bere hasierako asmotik nabarmen urrundu dela eta aparkalekuak modu eraginkorrean arautu beharrean, dirua biltzeko xedearekin erabiltzen duela udalak seinalatu dute. “TAO zerbitzuaren funtzioa zirkulazioa eta aparkatzea erraztea behar luke izan, ez diru iturri neurrigabea izatearena. Honek bizilagunei eta enpresei kalte besterik ez die egiten”, esan dute.
Komertzioa eta ostalaritza berriro aktibatzeko “plan falta” dagoela uste dute eta hutsune horrek iraun bitartean, baliabideak IAM pabiloira eta ViaIrun proiektura bideratzen ari direla ikusi beharra salatu dute. Bi proiektu hauek hiriarentzat “oso garrantzitsuak” direla iritzi dute baina bitartean haien negozioak ixten ari direla ohartarazi dute. “Eta, ez dago egoera hau iraultzeko inolako planik”.
Udalari eskatu diote beste aldera ez begiratzea. “Irunek ez du diskurtso gehiagorik behar, soluzioak behar ditu. Ekintzak behar ditugu, ez hitzak. Gu entzutea nahi dugu, berandu izan baino lehen. Bete ezazue zuen eginkizuna eta ez gaitzazuen berriro alde batean utzi”, bukatu dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario