lunes, 17 de febrero de 2025

Inoiz baino erabiltzaile gehiago izan ditu Irunbusek

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el lunes día 17 de Febrero de 2025.

Inoiz baino erabiltzaile gehiago izan ditu Irunbusek

2 milioi bidaiarik baino gehiago igo dira Irunbuseko lineetara. Gainera, gautxori zerbitzuak ere erabiltzaile gehiago izan ditu.

Irunbusen iazko erabiltzaile kopuruaren datuak eman ditu gaur Sergio Javier Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak eta ospakizunetarako tonuarekin eman ditu. Izan ere, bigarren urtez jarraian inoiz baino erabiltzaile gehiago izan ditu hiriko autobusak: bi milioi erabiltzaile baino gehiago, hain zuzen.

Guztira lau linea eskaintzen dituzte autobus gorriek eta iazko datuek marka hobetu izanak, udalaren apustua berretsi egin duela azaldu du Javierrek, “gure apustua garraio publiko jasangarria sustatzea baita”. Udal ordezkariarentzat datu hauek “lorpen handiak” dira eta horrez gain, goranzko joera berretsi dute.

Datu zehatzetara jota, Irunbuseko zerbitzua erabili dute 2.067.164 erabiltzailek eta igoera %6,77koa izan da. Orotara 161.000 bidaiari gehiago ibili dira autobusetan, nagusiki lehenbiziko linean.

Izan ere, L1 autobusa 97.000 bidaiari gehiagok erabili dute, 2023an baino %7,2k gehiagok. Ondoren, L2 linea izan da erabiliena, 439.602 bidaiarekin, aurreko urtean baino %12,6 gehiago. Hirugarren linea erabiliena L3 linea izan da 108.622 erabiltzailerekin; %6,4ko hazkundea izan du. Azkenik, L4 linea 64.538 herritarrek erabili dute, hau da, 8.000 erabiltzaile gehiagok; %3,4ko igoera izan du.

Gautxori zerbitzuak ere markak hautsi zituen 2024an, 6.627 bidaiarik erabili baitzuten, 2023an baino 350 gehiagok.

No hay comentarios: