viernes, 14 de febrero de 2025

Nicolas Gerendiain: "Pequeña Velocidad ez da eraitsiko!"

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 14 de Febrero de 2025.

Nicolas Gerendiain: "Pequeña Velocidad ez da eraitsiko!"

Elkarte memorialista "oso pozik" agertu da Espainiako Gobernuak hartutako erabakiarekin. Memoria Gune izendatzeko izapideak bukatzeko eskatu diote erakunde publiko eskudunei.

Aste honetan iragarri dute Pequeña Velocidad Frankismo garaiko Gipuzkoan zutik dagoen kontzentrazio esparru bakarra ez dutela eraitsiko. Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarrak elkartea “oso pozik” agertu da ez baitute eraitsiko.

Erabaki hau hiriaren “hobekuntzarako” izango dela uste dute, esparrua babestea bermatu baitute. “Memoria historikoa babestea lorpen esanguratsua da memoria historikoaren defentsan, eta aurrerapauso bat errepresio frankista jasan zutenen aitorpenean”, azaldu dute.

Atzera errepasoa egin dute. Elkarteak 2021ean mozio bat aurkeztu zuen udalean, Irunen Memoriaren Museoa sortzeko eskatuz. Museo hori Pequeña Velocidad izatea proposatu zuten eta hori justifikatzeko txosten bat aurkeztu zuten. Gaurkoan, memorialistek egindako proposamena aintzat hartu izana eta gauzatzeko bidea aktibatu izana ospatu dute.

Pabiloiak balio historiko “kalkulaezina” du elkartearen hitzetan eta errepresio frankista jasan zutenen oroitzapena bizirik mantentzea ahalbidetuko du. Bertan “merezi duten” omenaldiak ahalko dira egin, eta etorkizuneko belaunaldientzako hausnarketarako, ikaskuntzarako eta hezkuntzarako leku bati eutsiko diote. Balio demokratikoak eta justiziazkoak indartuko direla ziur dira.

Eskoletako hezkuntza eskaintza bertako historiaren testigantza ukigarriekin osatu ahalko da Pequeña Velocidadi esker, “gure iragana sakonago eta kritikoago ezagutzen lagunduz”, erantsi dute. Era berean, kultura eta ondare erreferente bihurtuko da hiriarentzat elkartearen ustetan. Hala gertatu dela jarri dute eredu memoria espazioak gordetzen jakin duten munduko beste hiri batzuetan.

Nicolas Gerendiain elkarteak oroitu du irundarrak toki honen garrantzi historikoaz sentsibilizatzeko “aktiboki” lanean aritu direla. Bide horretan, erakusketak eta bilera instituzionalak antolatu dituzte, bai lurralde mailan baita Espainiako Estatu mailan ere.

Esparrua memoria leku izateko izendapena galdegin zioten Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. Irungo Udalari Kultur Ondare izendatzeko eskari egin zioten, “balio handiago aitortuz”, zehaztu dute. Administrazioek aurrera egiten jarraituko dutenaren itxaropena dute, helburua bete arte: memoria historikoaren erreferente gisa finkatzea. 

Horregatik, Memoriaren Lekua izenda dezaten egin beharreko tramiteak burutzeko eskatu dioten erakunde eskudunei, hala nola, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiari eta Irungo Udalari. Izan ere, memoria gunearen ekimena soilik era horretan izango da “errealitate ukigarri” eta soilik horrela izango da etorkizuneko belaunaldientzako ondarea.

Bukatzeko, eskerrak eman dizkie gizarte justuago eta demokratikoago bat eraikitzeko bidean izan dituztenei; “gure historia zaintzeko eta zabaltzeko konpromisoa berresten dugu”.

No hay comentarios: