Donostia kaleko berrurbanizazio lanekin urte bukaeran hasiko dira
Tecnica y Proyectos enpresari esleitu diote obren eta bertako ingurumenaren kontrolerako zuzendaritza. Lehenik, Donostia kaleko urbanizazio lanen plana eguneratu beharko dute.
Irungo Udalak eta Irunvik hainbat erabaki hartu dituztela jakinarazi du gaur Cristina Laborda alkateak. San Migel-Anaka eremuko urbanismo proiekturako obren eta bertako inguruaren zuzendaritza esleitu diote Tecnica y Proyectos S.A enpresari eta aurrekontua 980.101,34 eurokoa da.
Hiriarentzako “garrantzi handikoa” eta “oinarrizkoak” diren lanak direla nabarmendu du alkateak eta horregatik dela aurrekontua “hain handia”. Lehen urratsa, Donostia kaleko urbanizazio lanen plana eguneratzea izango dela adierazi du alkateak.
2022an onartu zen San Migel-Anaka proiektua eta ordutik, aurrera egin dute partzelak berriro bereizten. Duela hilabete batzuk onartu zuten partzelen egitura berria eta gaur alkateak jakinarazi duen esleipenarekin, San Migel-Anaka eremuko proiektu bakoitzaren exekuzio prezioak ezarri ahalko dituzte.
Uda bukatu aurretik Donostia kaleko lanak lizitatzea espero du Labordak. Lan horiek eremu horretako lehenbizikoak izango dira eta, horrela, “azkenean” hasiko dituzte “hainbeste itxaroten ari diren” eremuaren urbanizazio lanak.
Auzo berri bat sortuko dela baieztatu du alkateak eta Eusko Jaurlaritza jada bertan alokairurako babes ofizialeko 887 etxebizitzen planoak idazteko lizitazioa egina dauka. Eremu hau “erabilpenik gabekoa” eta “degradatua” dagoela esan du alkateak, beste aldera begiratuz bertan dauden baratzeei eta gaztetxeari.
Xehetasunen azterlana egiten bukatu zuten duela gutxi eta eragin zuzena izango du ikerlan horrek Anaka kaleko etxebizitzekin. Aurrerapen bat dela hau ere azaldu du, baina inguru honen “benetako aldaketa” Donostia kalearekin hasiko dela nabaritzen esan du Labordak.”Inguru osoaren garapenak urte asko iraungo ditu”, gaineratu du.
Saneamendu eta ur instalazioak egingo dituzte Donostia kalean, San Migel-Anaka eremuko etxe berriei eta bestelako ekipamenduei begira. Udalak aurreratu du igerileku publikoak, bestelako kirol ekipamenduak eta aparkaleku bat eraikiko dituztela bertan.
Etxebizitzak eraikiko dituzten eremuari buruz ere azaldu du ingurumenari lotutako kontrolak egiten ari direla eremu horretan. “Orain dela urte batzuk lurra kontaminatuta egoteari uzteko prozesuari ekin genion eta beti kontrol handia egin diogu. Gaur jakinarazten dudan esleipenak inguru honek behar duen kontrol horrekin zerikusia dauka”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario