EUSKARAK IGORRI DIDAN WHATSAPPAZ
- JOSÉ ANTONIO SANTANO IRUNGO ALKATEA
Orain egun batzuk whatsapp bat jaso nuen. Euskara zen mezua igortzen zidana eta mesedetxo bat eska-tzen zidan, gainera. Honela zioen: «Ez dakit hiltzen ari naizen edo ez, baina bizirik jarraitu nahi dut denbora luze batez, beraz gauza bakarra esango dizut: zakarretara bota behar banauzu gehiegi erabili izanagatik izan dadila».
Euskarak egiten zidan eskariaren gainean hausnartzen eman nuen denbora. Bi kontu etorri zitzaizkidan burura: arabiar esaera zahar bat eta behin Bernardo Atxagak Casablancako Unibertsitateko irakasle bati entzundakoaz kontatzen duena.
Arabiar esaera zaharraren arabera «hitzaren iturriak isuri egin behar du bere ura, gastatu eta alferrik galdu». Horrekin esan nahi dute hitza biziko bada nahitaezkoa dela errepika, nahitaezkoa dela jendearen ahotan behin eta berriro egotea.
Casablancako Unibertsitateko irakasleak dio hizkuntza xaboiaren kontrakoa dela: zenbat eta gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta xahutuago; hitzak, ordea, alderan-tziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago.
Goizean jaiki naizenean ura iturritik isurtzen utzi dut eta xaboia erruz erabili dut. «Ez, euskara, ez zaitut zakarretara botako» pentsatu dut nirekiko «zure hitzaren isuria gastatu nahi dut eta xaboi urritua ez bezala isuri hori aberastu».
Zeren eta Irunen hitzaren isuria denok gastatzekotan, zuk, euskara, gizartean zure lekua egingo baituzu. Zeren eta Irunen xaboi urritua ez bezala isuri hori aberasten dugunean, euskara, entzuleari eragiten ari baigatzaizkio, euskara ikasteko beharra sentiaraziz, euskara ulertzeko grina piztuaraziz.
Hizkuntza bizia da, hizkun-tza erabili egin behar den gauza da. Esan dezagun, esan diezaiogun, esan diezaiozun eta esatera bultzatuko ditugu, diegu, diogu...
No hay comentarios:
Publicar un comentario