Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta egitarau oparoa izango da Irunen
Mintzodromoa, euskal zinea, proiekzioak eta larunbatean burutuko den artisau azoka dira burutuko diren ekintzetako batzuk
- JOANA OCHOTECO
- IRUN
Euskararen Nazioarteko Egunako egitaraua gaur hasi eta larunbateraino antolatu dute Irunen. «Udalako Euskara arloarentzat egun pozgarria da, urtero bezala», azpimarratu zuen Josune Gomezek, Euskara ordezkariak. Udaleko atal honek eta zenbait elkartek ekimen ezberdinez betetako programa antolatu dute egun hau ospatzeko.
Arantza Zulet teknikariak burutuko diren ekintzen xehetasunak azaldu zituen: gaur bertan, goizez, Donibane Lohitzunen izango da Sareuskak antolatutako Mintzodromoa. Arratsaldeko 19:30ean, Irungo Mendizaleen Elkartean, Iñigo Asensioren 'Euskara munduan, besteen ahotan' dokumentala ikusteko aukera izango da.
Bihar «goizean ere beste Min- tzodromo bat izango dugu baina berezia, Irungo gazteei zuzenduta». Ekimen hau Mendibil Merkatari- tza Guneko kafetegian izango da 10:00etatik 12:00etara. Bertan, «Irungo La Salle, San Vicente de Paul eta Hirubideko DBHko ikasleak parte hartuko dute». Arratsaldean, 18:30ean Amaia Kultur Zentroan 'Irun-Hondarribiko gazteak hizketan: euskalkia eta euskara estandarra, gaur' lana aurkeztuko du Iran-tzu Epeldek. «2014ko Jose Antonio Loidi ikerketa beka irabazi zuen», adierazi zuen Arantza Zuletek. 20:00etan, Amaian ere, 'Maitia non zira?' izango da ikusgai: «1914-1918 gerlako euskal presoen grabaketetan oinarritutako dokumentala da».
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, «hainbat ekin-tza izango ditugu». San Juan plazan, goizetik arratsaldeko 20:00ak arte, artisau azoka. «Artisauek beraien lana erakutsiko dute eta, gainera, haiek antolatuko dituzten tailerretan parte hartzeko aukera emango digute. Nahi duten guztiek parte hartu ahalko dute». Plazan bertan, 12:00etan, 'ZooZoom' kaleko ikuskizuna burutuko da.
Amaia Kultur Zentroan, 20:00etan, 'Jendeartean bidaide' antzezlana aurkeztuko dute Atea Teatroa eta Aurreratu Elkarteak. «Bertan, inklusibitatearen gaia landuko da». Antzezlanaren ostean solasaldi bat antolatu dute. Sarrerak doan dira eta Irungo Turismo Bulegoan eskuratu daitezke, edo Amaia Kultur Zentroko lehiatilan ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago. Euskararen Nazioarteko Eguna bukatzeko, Jose Cruz Gurrutxagak 'Umorea' euskarazko monologoa eskainiko du Palace kafetegian, 21:30ean.
Beste aldetik, Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan, Ocine Mendibilek 'Igelak' filma estreinatuko du. Hilaren 2tik 6ra ikusi ahal izango da, ohiko aretoetan 16:10etan eta 22:30ean.
Produktuen katalogoa
David Izaga Euskara arloko Normalizazioko arduradunak baieztatu zuenez, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, «udaletxeko balkoian Txantxangorriaren irudia eta pankarta bat zintzilikatzeko asmoa dago». Gainera, Euskararen Txantxangorriaren pegatinak eta pinak eskuragarri egongo dira Gazte Informazio Bulegoan eta Irungo ikastetxe eta institutoetan banatuko dira ere.
David Izagak azaldu zuenez, Udal Bozeramaileen batzordeak HAKOBAk (Hizkuntza Politika gaietarako Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordea) egindako adierazpen instituzionala «aho batez onartu du». Dokumentuaren izena 'Zer egin dezaket nik euskararen alde?' da.
Bestelde, Euskarazko Produktuen Katalogo berria dagoeneko eskuragai dago bai paperean baita interneten ere: www.katalogoa.eus web orrian 6.000 produktu baino gehiagoren erreferentziak aurkitu daitezke. Euskarazko liburuak, musika eta jostailuak daude katalogo honetan. Irungo Udalak argitalpen hau banatzen lagunduko du.
Arantza Zulet, Josune Gomez eta David Izagak egitaraua aurkeztu zuten San Juan plazan. / F. DE LA HERA
No hay comentarios:
Publicar un comentario