Palmera Montero Gunea. / Irungo Udala
Euskaraldian parte hartzeko izena-eman duten irundar guztiek Ahobiziedo Belarriprest txapak jaso ahal izango dituzte azaroaren 12tik aurrera, hilaren 22ra arte. Irungo Udal Euskaltegian (Urdanibia plaza, 5) banatuko dira txapak, astelehenetik ostiralera (9:00-14:00 eta 16:00-20:00). Asteburuan, azaroaren 17an eta 18an, San Juan plazan jaso ahal izango dira txapak, egun osoan zehar.
Momentuan izena emateko eta txapa jasotzeko aukera ere egongo da. Dena den, izen-ematea internet bidez egin daiteke edonoiz, izenematea.euskaraldia.eus web gunean. Paperean egiteko aukera ere badago, hiriko puntu ezberdinetan banatu diren izen-emate orrien bidez. HAZ/SAC bulegoan entregatu behar dira orri horiek. Urriaren amaieran 1.000 izen-emateak gainditu ditu Irun hiriak. Desoreka dago, hala ere, rolen artean. Izena emandakoen %80 Ahobiziak baitira. Euskara ulertzeko gai den irundar orori gonbidapena luzatu nahi dio Irungo Udalak, Belarriprestaren funtzioa ere funtsezkoa dela azpimarratuz.
Formazio saioak eskainiko dira
Azaroaren 7an eta 10ean bina formazio saio egongo dira, Ahobizi eta Belarriprest roletan sakontzeko. Euskaraldiko hamaika egunetan zehar egin beharrekoari buruzko informazioa eta gomendioak jasotzeko aukera bikaina izango da. Palmera Montero gunean egingo dira saioak, azaroaren 7an (asteazkena, 18:30) eta 10ean (larunbata, 10:30). Doako saioak dira eta ez dago aldez aurretik izena eman beharrik.
Ariketa sozial bat izango da Euskaraldia, euskararen erabilera areagotzea helburu izango duena. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratu beharko dute 16 urtetik gorako irundarrek. Ahobiziak ulertzen duen orori euskaraz egingo dio, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei, lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die. Belarriprestak, harekin euskaraz aritzeko gonbidapena luzatuko du, ulertu egiten baitu. Euskaraz edo erdaraz erantzun ahal izango du, baina euskaraz egin diezaioten nahiko du.
Soinean eramango duten txaparekin identifikatuta egongo dira Ahobiziak eta Belarriprestak. Norberak, bere inguruan, bere ohiko harreman sarean egingo du ariketa: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan… Hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea izango da helburua.