lunes, 27 de mayo de 2024

Bidasoko elikadura burujabetzan pausoak ematen azoketan eta ikastetxeetan

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el lunes día 27 de Mayo de 2024.

Bidasoko elikadura burujabetzan pausoak ematen azoketan eta ikastetxeetan

BDS Koopek eta Hendaiakoopek "pedagogia" beharra identifikatu dute tokiko elikadura burujabetzaren eraldaketarako. Hendaiako azokan izango dira larunbat honetan eta Irungo Urdanibia plazan ekainaren 15ean.

Bi urte igaro dira Txingudi badiako elikadura kontsumo talde batzuek tokiko elikadura eraldaketarako abiapuntu partekatu batetatik elkarlan ildo bat hasi zutela. Talde horiek Labore Txingudi eta Hendaiakoop dira eta Maia Permaculture kooperatibako kideak bidelagun izan dituzte. 

Gaur agerraldia egin dute, eta bertan dagoeneko pasa berri den lehen fasean jaso dituzten emaitzen berri eman dute. Era berean, bigarren fasea ekainean zehar egingo dutela iragarri dute eta horretarako lan saioak egingo dituzte.

Lehen fasean galdetegi bat erantzutea eskatu diete kontsumitzaileei eta “gertutasunezko ekoizpena” izan da lehentasun nagusia. Izan ere, elikadura eraldaketarako lehentasun gisa ingurumen faktoreak ez ezik, faktore sozioekonomikoak jaso dituzte: “Gertutasunezko ekoizpena, ekoizleen baldintza ekonomikoak eta lurraren leheneratzea eta bioaniztasuna agertzen baitira hurrenez hurren”.

Eskualdeko indargune gisa baloratu dituzte produktu onak balioan jartzen dituen tokiko kultura, gizartearen aldetik areagotzen ari den kontzientziaren handitzea, tokiko ekoizleen existentzia eta eragileen aldeko saretzeak. 

Aldiz, eraldaketaren erronkari aurre egiteko beharrezkotzat jo dituzte pedagogia, erakundeen inplikazioa eta eragileen arteko elkarlana nahiz saretzea. Bide horretan, ekainean zehar Bidasoko elikadura burujabetza pausoz pauso proiektuari segida emango diote eta sentsibilizazioa egingo dute modu parte hartzailean.

Horretarako, hirietako azoketara eta ikastetxeetara joango dira. Ekainaren 1ean, larunbat honetan, Hendaiako Sokoburuko merkatuan izango dira eta Zein da Zein? jolasean parte hartzeko gonbita zabalduko dute. Parte hartzaile guztien artean tokiko produktuez osatutako saski bat zozkatuko dute. Ekainaren 15ean dinamika errepikatuko dute baina Irungo Urdanibia plazako azokan. 

Ikastetxeetan, berriz, Gazteak ON hausnarketa elkar sortzailea abiatuko dute, gazteen iritziak eta hausnarketak entzuteko. Programa hau Irungo eta Hendaiako DBH ikastetxeen egingo dute, behin ikasturte amaierako azterketak bukatzen dituztenean, “presiorik gabeko testuinguru batean aritu ahal izateko”. 

No hay comentarios: