viernes, 24 de mayo de 2024

Minbiziaren ikerketari bultzadatxoa emateko, 5K Milia Solidarioa

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 24 de Mayo de 2024

Minbiziaren ikerketari bultzadatxoa emateko, 5K Milia Solidarioa

Ekainaren 2an egingo da 5K Milia Txapelketa, Zabaltza plaza irteera eta helmuga direlarik. Bildutako dirua minbiziaren ikerkuntzara bideratuko dute.

Duela bederatzi urte abiatu zuten 5K Milia Solidarioa eta urtez urte bilakaera izan duen proba da. Guztira zazpi proba ezberdin egingo dira ekainaren 2ko goizean zehar eta bildutako dirua Minbiziaren Aurkako Elkarteari emango diote. Gema Landatxe, Minbiziaren Aurkako Elkartearen Bidasoko bozeramailea aurkezpenean izan da eta nabarmendu du jasotako dirua minbiziaren ikerketara bideratuko dutela nagusiki. Bestalde, Foruen karrikan dagoela egoitza gogoratu dute eta ez dela bazkidea izan behar.

Zabaltza plazan gaur goizean egin duten ekitaldian BATko kide Adur Amilibia, Kirol ordezkaria Borja Olazabal eta Salto System babeslearen ordezkari gisa Ane Zabala izan dira.

Dagoeneko izena eman daiteke 5K milietako proba guztietan, Tipitapa paseoan izan ezik, ez delako beharrezkoa. Zazpi probak zirkuitu homologatuan egingo dira eta laua den lurrean.Lehenik, Tipitapa paseoa egingo da, eta ondoren 5K miliari ekingo diote. Bi irteera egongo dira. Lehenik, 20 minutu baino gehiagoan egingo dutenak (10:00etan), eta jarraian, 20 minutu baino gutxiagoan egingo dutenak eta Euskadiko Txapelketa federatuan parte hartuko dutenak (10:45ean).

Ondoren, milia egokituaren txanda izango da eta gaitasun fisiko murriztua dutenak egongo dira irteeran. Halaber, Hank Bike eta gurpildun aulkian lasterka egingo dutenek ere hartuko dute parte. Lasterketa hau 11:10ean hasiko da.

Hamar minutu geroago, 11:20ean, milia erdia egingo dute gaitasun intelektual murriztua dutenek. Haiekin batera korri egingo dute BATko kirolariek eta klubeko gazteenek ere. Haurren txanda segidan izanen da, 11:30ean, orduan egingo baita milia popularra eta infantila. Ibilbidea 1.609 metrokoa izango da.

Milien Euskadiko Txapelketa 11:45ean abiatuko da eta bi lasterketa egingo dira, gizon eta emakumeak bereizita. Gizonak, 11:45ean irtengo dira, eta emakumeak, berriz, 11:55ean. Azkenik, ibilaldi solidarioa egingo da 12:10ean.

Ibilbideari dagokionez, irteera eta helmuga Zabaltza plaza izango da eta Kolon pasealekua zeharkatuko dute denek. Bertatik, Txanaleta plazako zubira iritsi, bertan buelta eman eta San Juan plazako autobus geltokira joango dira parte hartzaileak. Azkenik, Zabaltza plazarako norabidea hartuko dute.

Ordutegiak
  • 09:30ean: Tipitapa paseoa. Osakidetzak koordinatzen dituen adinekoen paseoak dira eta ekainaren 2an, 25 eta 30 parte hartzaile gerturatuko dira haien aletxoa jartzera. Ez da izenik eman behar paseoan parte hartzeko eta bukaeran tortilla eta salda jateko aukera egongo da.
  • 10:00etan: 5K lasterketa. Bi irteera egongo dira. Lehenik, 20 minutu baino gehiagoan egingo dutenak (10:00etan), eta jarraian, 20 minutu baino gutxiagoan egingo dutenak eta Euskadiko Txapelketa federatuan parte hartuko dutenak (10:45ean).
  • 11:10ean: Milia Egokitua. Gaitasun fisiko murriztua dutenentzat eta Hank Bike eta gurpildun aulkian lasterka egingo dutenentzat.
  • 11:20ean. Milia Erdia gaitasun intelektual murriztua dutenentzat.
  • 11:45ean: Euskadiko Milia Txapelketa: Gizon federatuak
  • 11:55ean: Euskadiko Milia Txapelketa: Emakume federatuak.
  • 12:10ean: Ibilaldi solidarioa.

No hay comentarios: