Udal Euskaltegiak ikastaroak eskainiko ditu udan
Uztail eta abuztuan, astelehenetik ostiralera izango dira, goizez. Langabeek eta % 50eko lanaldian dauden ikasleek doako jaso ahalko dute.
Udal Euskaltegiak ikastaro trinkoak eskainiko ditu udan zehar. Uztail nahiz abuztuan, aukera desberdinak izango dituzte herritarrek. Uztailaren 2an (asteartea) hasiko da lehen ikastaroa, eta hil horren 30era (asteartea) arte luzatuko da. Abuztukoa, berriz, hilaren 1etik (ostegunetik) 30era (ostiralera) luzatuko da. Biek ala biek goizeko 09:00etatik 13:15erako ordutegia izango dute, astelehenetik ostiralera.
Ikastaroek 69,40 euro balio dute, baina asistentzia ona duten ikasleek udalak euskara ikasteko eskaintzen dituen bekak jaso eta matrikula prezioaren % 100a berreskuratzeko aukera izango dute. Izena emateko, maiatzaren 27tik, astelehenetik, ekainaren 6ra, ostegunera, irekiko dute epea. Horretarako, ordutegi honetan irekiko dute Udal Euskaltegia: 10:30etik 13:30era goizez, eta 16:30etik 19:00etara arratsaldez.
LANNAHI
Langabezian dauden herritarrek edo % 50eko lanaldian dauden ikasleek, euskara ikastaroa jaso ahalko dute doako, LANNAHI programa medio.
Interesdunek izen ematea maiatzaren 27a eta ekainaren 6a bitarte egin beharko dute, baina beste modu batez: Irun Txartela edo ziurtagiri elektroniko batekin HAZ24 zerbitzuan, edo HAZren zerbitzu terminalaren bidez.
Hortaz guztiaz gain, konponketa lanak direla eta, Udal Euskaltegiak jakinarazi du igogailua uda partean ez dela erabilgarri egongo.
No hay comentarios:
Publicar un comentario