'Festan blai' jaialdia Santiagoko frontoian egingo da hilaren 24, 25 eta 26an
14 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimenak musika eta jokuak eskainiko ditu 22:00etatik aurrera
- JOANA OCHOTECO
- IRUN
'Festan blai' jaialdiak dibertitzeko aukera eskainiko die 14 eta 16 urte bitarteko gazteei San Pedro eta San Martziak jaietako egitarauaren barne. Euskara eta Gaztedi arloak elkarrekin antolatutako ekimena ekainaren 24, 25 eta 26an egingo da, 22:00etatik aurrera, eta berrikuntza batekin: aurten, jaia Santiako kaleko Euskal Jai frontoira eramango da.
Josune Gomezek, Euskara eta Gaztedi arloko ordezkariak, 'Festan blai' programaren xehetasunak azaldu zituen Maite Agirre Kulturkabiako teknikariarekin batera. «Jarduera desberdinak ospatuko dira, jaietan ere euskara bultzatzeko helburuarekin», azpimarratu zuen Josune Gomezek. Agirrek gehitu zuenez, gazteei «gune berezi bat» eskaini nahi zaie ekimen honen bidez. «Euskarak bere lekua izan behar du toki guztetan», azaldu zuen Josune Gomezek. 'Festan blai' bezalako jarduera bat eskaintzea gazteei Irungo jaietako programaren barne «garrantzitsua da».
Aurten, 'Festan blai' gunea «bi jaimaz osatuta egongo da eta hor barruan ekimen desberdinak antolatuko ditugu». Ekainaren 24ko gauean «fotomatoi makina bat egongo da, gerturatzen diren guztien-tzat dohainik argazkiak ateratzeko aukerarekin». Argazkiak momentuan inprimatuko dira, gazteek etxera eraman ahal izateko oroigarri moduan. Musika ez da faltako: Agirrek azaldu zuenez, «Josu Rodríguez eta Txurru DJak etorriko dira».
Jolasak eta opariak
Gunean sei dinamizatzaile egongo dira gau osoan zehar, «eta bertara-tzen diren gazteei jolas eta erronkak proposatuko dizkiete», azaldu zuen Maite Agirrek. Zehazki, «gaur egun hainbeste erabiltzen ditugun emojien inguruko» jolasan parte hartzeko aukera izango dute gazteek: pegatinak banatuko dira, alde batetik irudiekin eta beste aldetik emoji desberdinen esanahiarekin. Jokuan parte hartzen dutenek bikoteak osatu beharko dituzte. Dinamizatzaileek txapelak eta pultserak oparituko dizkiete jolas hau eta beste erronkak gainditzen dutenei: «euskal abestiak abestu, trainera bat osatu kuadrilarekin eta arraunean egin, aho korapilo bat esan...», aipatu zuen Maite Agirrek.
Teknikariak gogoratu zuenez aurtengoa 'Festan blai' jaialdiaren hirugarren edizioa izango da, «azken urteetako esperientziak erakutsi digu gune oso erakargarria dela gazteentzat. Aurten ere gogoz gatoz Kulturkabiatik Irunen daukagun honena eskaintzera hiru egunez». Ekimena «poliki-poliki» joan da zabaltzen: «Donostian hasi zen baina gero ikusi zen egitasmo hau oso baliagarria zela beste hirietako ere». Ermua eta Iruñako Txantrea auzoan, adibidez, ospatuko da jaialdi hau. «Gazteentzako erakargarria da eta ondo pasatzen dute», azpimarratu zuen Maite Agirrek. Joan den urtean, Irungo 'Festan blai' gunea zabaldu zenerako, 22:00etan, «dagoeneko jendea zain zegoen. Balorazio oso ona egin dugu beti eta urtetik urtera parte hartzea haundi-tzen da».
No hay comentarios:
Publicar un comentario