martes, 25 de febrero de 2014

Udalak «bere langileak erdalduntzen dituela» salatu zuen atzo EAJ-PNV talde politikoak

Noticia publicada en Diario Vasco sección Bidasoa,el martes día 25 de Febrero de 2014.


IRUN

Udalak «bere langileak erdalduntzen dituela» salatu zuen atzo EAJ-PNV talde politikoak

25.02.14 - 00:16 - 


Datorren asteazkeneko Udalbatzan jorratuko den Irungo Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren inguruan, EAJ-PNV taldeak bere jarrera erakutsi nahi izan zuen atzo. Xabier Iridoy bozeramaileak azaldu zuenez, Udalak bere jardunean duen hizkuntza politikaren nondik norakoak -helburuak, bitartekoak, epeak- eta jarraibideak jasotzen dituen dokumentua da plan hau.
«Bat egiten dugu aurkeztutako txostenarekin eta horrekin lortu nahi diren helburuekin, udalean euskararen erabilera bermatzeko eta areagotzeko ematen diren urratsen alde baikaude» adierazi zuen zinegotziak. «Hala ere, ezinbestekoa da idatzita dagoena ekintzetan bilakatzea, askotan asmo hutsean geratzen baitira paperean jasotako ideiak. Euskararen normalizazioan ibilbide luzea dugu oraindik egiteko udaletxe barruan» adierazi zuen bozeramaile jeltzaleak, eta baieztapen hauek egiteko Irungo Udaleko langileen artean egin den azterketa komunikatiboaren emaitzetan oinarritzen zela aipatu zuen.
Bertatik hainbat ondorio atera dira: alde batetik, «euskararen erabilerarik baxuena langileen eta politikarien arteko harremanetan ematen dela». Bestetik, «langileek euskaraz gehiago egiten dute udaletxetik kanpo beren harreman eta egunerokotasunean lanean baino». Datu hauek guztiek «Udaletxeak bere langileak erdaldundu egiten dituela erakusten dute, eta hori ezin dugu onartu» zioen Iridoyk. «Benetako ahaleginak egin behar ditugu udal honetan euskarari merezi duen lekua emateko».
EAJ-PNVk «Irungo Udalean euskararen erabilera sustatzearen alde lanean jarraitzeko, 2014ko aurrekontuetarako egindako proposamena» ekarri du gogora Iridoyk. «Eguneroko lanean erabiltzen ditugun hainbat aplikazio informatiko euskaraz jartzeko eskaera egin genuen, langileei, askatasun osoz, tresna informatikoen erabilera zein hizkuntza ofizialetan egin nahi zuten aukeratzeko helburuarekin» azaldu zuen.
«Udalbatza horretan, gobernuak langileei aukera hori eskaintzeko konpromisoa hartu zuen, baina ez du esandakoa bete. Gainera, aurreko plangintzan, jada, jasota zegoen irizpide hori. Berriki udal langileen ehun ordenagailu baino gehiago aldatu dira aplikazio informatikoak euskaraz jartzeko aukera eman gabe». Horren harira, gobernu sozialistak euskararen aurrean duen jarrera deitoratu du Iridoyk, «ez baitu benetako konpromisorik ezta borondaterik ere erakutsi. Beren interesa itxura hutsean geratzen da», salatu zuen.
Azkenik, euskararekiko konpromisoa eguneroko jardunean erakusten dela azpimarratu zuen Xabier Iridoyk, eta dokumentuak jasotzen duena betetzeko benetako inplikazioa eskatu zion udal Gobernuari.

No hay comentarios: