'Zuhainpeko soinuak' ikuskizunak Zuberoako kultura ekarriko du Irunera
Musika eta antzerkia batzen dituen funtzioa, ahozko transmisioan oinarrituta, Amaia Kultur Zentroan izango da ikusgai larunbat honetan
- J. OCHOTECO
- IRUN
Musika, antzerkia eta ahozko transmisioa dira 'Zuhainpeko soinuak' ikuskizunaren osagai nagusiak; zuberotar kultura ardatz nagusia delarik. Mireia Gabilondok zuzendutako funtzioa otsailean estreinatu zen Donostian, eta larunbat honetan, apirilak 8, Irunera iritsiko da. Syntorama diskoetxea izan da 'Zuhainpeko soinuak' sustatu duena.
Bai ikuskizunaren testuak eta baita abestiak euskaraz dira. Proposa-tzen den abiapuntua udako gau bateko festa da: zuhaitz baten azpian, funtzioan parte hartzen duten musikariek doinuak, kontakizunak eta bizipenak partekatzen dituzte.
Betiko doinuak, gaur egun
Jean Mixel Bedaxagar, Zuberoako musiken adierazgarri nagusia, eta Juan Mari Beltran, euskal herri musikaren erreferenteetako bat, Amaiako eszenatokira igoko dira. Haiekin batera, Mixel Etxekopar, Mathieu Mendizabal, Sacha Standen, Pierre Vissler, Maider Ansa, Ander Barrenetxea eta Aitor Beltran egongo dira. Elkarrekin, sustrai tradizionaletan oinarritutako soinuak eskainiko dituzte, aldi berean melodia berriak sortuz eta ukitu modernoak emanez betiko doinuei. Txirula, ttun ttuna, txalaparta, alboka, oboea, perkusioa eta beste musika tresnen doinuak eta erritmoak entzuteko aukera eskainiko du ikuskizunak, eta baita Bedaxagar, Etxekopar eta Ansaren ahotsak.
'Zuhainpeko soinuak' hemezor-tzi abestiz osatuta dago, aberastasun handiko kantutegia eskainiz. Zuberoako musikaz gain, ikuskizun honek ahozko transmisioa nabarmentzen du, gurasoengandik seme-alabengana transmititzen den kultura. Ikuskizunean entzun ahal izango diren kantuak, izan ere, ahozko transmisioari esker mantendu dira gaur eguneraino.
Ikuskizun hau larunbat honetan, 20:00etan, eskainiko da Amaia Kultur Zentroan. Sarrerek 7,40 euroko prezioa dute eta dagoeneko salgai daude ohiko lekuetan: Luis Marianoko Turismo Bulegoan edo, interneten bidez, www.ticket.kutxabank.es helbidean. Larunbatean bertan, oraindik sarrerarik balego, Amaiako lehiatilan erosi ahal izango lirateke.
No hay comentarios:
Publicar un comentario