Udako goizak euskaraz gozatzen dira
Solas Jolaseko 495 gaztetxoek egitarau oparoaz disfrutatuko dute uztailan zehar
Udako egun berotsua da: goizeko hamaiketan termometroa 30 gradutik gora dabil eta eguzkiak gogor jotzen du Lekaenea eskolako patioaren gainean. Baina bertan jolasten ari diren gaztetxoek beroa gainetik astintzeko modu ezinhobea aurkitu dute: 'bonba' deituriko jolasan borobil bat osatzen dute denen artean eta pilota bat pasatzen dira bata besteari. Zirkuluaren erdian dagoen parte hartzailea txalo bat ematen du eta une horretan pilota eskuetan daukana galtzen du. Baina, kasu honetan, galtzaileak jasotzen duen 'zigorra' sari bat bezala hartu daiteke: erdian jartzen da eta jokoaren arduradunek urez betetako puzgarri bat lehertzen dute bere gainean. Dutxa freskoa eskertzekoa da halako egun berotsu batean.
Hau da Solas Jolas udaleku irekietan egiten den jolasetako bat. Jokoak, tailerrak, irteerak eta beste zenbait aktibitateetaz gozatzen ari dira aurten uztaileko txandan parte hartzen duten 495 gaztetxoek. Datorren astean, abuztuan, beste 112 haurrek hartuko dute lekukoa. Udaletxeko Euskara arloko ordezkariak, Josune Gomezek, Lekaenean burutzen ari diren udalekuak bisitatu zituen. «Urte asko daramazkigu Solas Jolas programarekin», baina aurten berrikuntza nabarmen bat ezarri da: udalekuak ordu bat lehenago hasten dira, 9:00etan, «eta arrakasta ikaragarria izan da, asko igo da parte-hartzea. Horrekin ikusi dugu, azken finean, familiek hori behar zutela», azpimarratu zuen Gomezek. Ordezkariak gogorarazi zuen udaleku hauen xede nagusia: «aisialdian eta denbora librean haurrek euskara erabiltzea modu ludiko eta dibertigarri batean» dela. Irati Fiz begiralea Lekaenean burutzen diren udalekuen koordina-tzailea da: «eskolak elkarguneak dira, baina gure helburua ez da bertan geratzea. Umeek klasean pasa-tzen dute ikasturte guztia eta orain, udan, saiatzen gara ahalik eta gehien parkeetara ateratzen ekintza desberdinak egiteko». Dena den, «eguraldiak ez badu laguntzen eskolaren errekurtsoak aprobetxatzen ditugu», adierazi zuen begiraleak.
Irteera eta ekintza ugari
Solas Jolas programan Haur Hez-kuntza eta Lehen Hezkuntzako haurrak daude, eta «ziklo bakoitzaren arabera irteera desberdinak egiten ditugu: hondartza, mendia, Irisarri Land, Eureka Zientzia Museoa, Ekogunea, Santa Klara irla, Cristina Enea parkea...» Ikusi daitekenez, partaideek ez dute izan aspertzeko denborarik. «Egiten ditugun ekintzak oso ezberdinak dira. Egun oso mugituak izan ditugu», baina baita goiz lasaiagoak, adibidez eskulanak egiten pasa dituztenak. Gaztetxoen nahiak asetzen saiatzen dira arduradunak: «gaur bonbara jolastu nahi zutela argi zeukaten. Ez dakit zer daukan jolas honek, baina kriston arrakasta du», adierazi zuen begiraleak. «Guk programa bat eginda daukagu, baina egunean bertan moldatzen ditugu aktibitateak beraiek nahi dutenen arabera».
Irati Fizek adierazi zuenez, egunek aurrera egiten duten arabera euskararen erabilera handiago dela baieztatzen da: «ikusten dute begiraleen artean eta haurrekin euskaraz hitz egiten dugula eta beraiek ere geroz eta gehiago barneratzen dute».
No hay comentarios:
Publicar un comentario