Topaketa gunea muntatu dute
Txanaleta plazan
“Gizarte Sare Analogikoa” izeneko instalazio bat muntatu dute
Kunsthal Diseinuaren Goi Mailako Zentroak eta Irungo Udalak
Txanaleta plazan
Diseinuaren kultura hedatzeko xedearekin, datozen egunetan martxan ikusi ahalko da Kunsthal Diseinuaren Goi Mailako Zentroaren eta Irungo Udalaren lankidetzaren ondorioz sortu den ekimen berria.
“Gizarte Sare Analogikoa” izenburuarekin egin da hiri-instalazio iragankor bat Txanaleta plazan, eta horren oinarria da plazak pertsonen arteko topaketak sortzeko gaitasuna berreskuratzea. “Mende honetan pertsonen arteko harremanetako paradigmetako batzuk dira gizarte sareak. Eztabaida eragiten badute ere, aldekoak zein aurkakoak izaik ere, gizarte sareetan ere badaude kontraesanak”, azaldu dute Kunsthaletik.
Kunsthal kokatzen den Txanaleta plaza abiapuntua hartuta, hango arduradunek galdera hauek egin dizkiote beraien buruari. Zer da pertsonen arteko harremanik ez duen plaza bat? Zer da pertsonen edo kolektiboen arteko harremanik ez duen gizarte bat? “Esku-hartzea galdera horien formulaziotik eta Txanaleta plazako gune publikoaren eguneroko errealitatearen behaketatik abiatzen da; bestalde, artefaktu bat eraiki da. Gizarte sare analogiko bat, sistema fisiko eta ukigarria, pertsonen arteko topaketa eragitekoa”.
Berriz erabil daitezkeen materialak
Hausnarketa honen emaitza gisa, sortzen den instalazioaren xedea pertsonen arteko egoerak eta harremanak eragin eta sortu nahi ditu jolasaren bidez. Hainbat sarrera eta irteera dituen hodi-sare bat da, eta pertsonek elkar komunikatu ahal dira horien artean.
Beste aldean dagoen pertsona ez da ezagutzen, baina, aldi berean, gune berean egoteagatik pertsona hori ezagutzeko dagoen aukera erreala dagoenez, sortzen den elkarrizketak alderdi ludikoa eta erraztailea ditu. Sarea eraikitzeko, eraikuntzako oinarrizko elementuak erabili dira eta erabiltzen ez diren objektuak ere erabili dira; beraz, muntatzen eta desmuntatzen den eraikuntza sinplea da.
Udaren hasieran argazki erakusketa bat egingo da CBAn. Xedea da instalazioa pentsatzeko eta muntatzeko prozesuaren dokumentua izatea, baita pertsonek artefaktuarekin izandako elkar eraginaren prozesuena ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario