Noticia publicada en Conecta Bidasoa,el jueves día 21 de Abril de 2022.
Euskara arloaren ildo estrategikoak aurkeztu dira
Euskara ordezkaritzatik, Miren Echeveste ordezkariak ezagutzera eman ditu abian dituzten lan-ildoak
Lehenik eta behin, argi eduki behar da Euskara arloaren helburua dela Irungo udalean zein herrian euskararen erabilera sustatzea eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzen direla ziurtatzea. Helburu hori lortzeko, funtsezkoa da udaleko arlo guztiek eta euskararen aldeko gizarte eragileek indarrak batzea, zeharkako lan-ildoak ezarriz eta ekintza zehatzetan elkarrekin lan eginez.
Horri dagokionez, Miren Echeveste euskara-ordezkariak adierazi duenez, “Irungo udalaren Euskara Aholku Batzordea lan-esparru zoragarria da elkarlan horretarako, hain zuzen ere udaleko arlo ezberdinetako teknikariak, alderdi politikoetako ordezkariak eta gizarte-eragileen lagin esanguratsu bat biltzen baititu. Haintzat hartu behar da euskararen sustapena batzuetan zaila eta neketsua izan daitekeela, bakoitzak dagoeneko bete behar dituen helburuei eta egin beharreko zereginei euskara sustatzeko helburua gehitu behar dielako, askotan nondik jo behar duen, nola hobetu dezakeen eta zer egin dezakeen jakin gabe”.
Ildo horretatik, legegintzaldi honetako helburu estrategikoetako bat izan da Kalean Bai plana biziberritzea. Izan ere, 25 urtetik beherako gazteekin lan egiten duten kirol, kultura eta aisialdiko elkarte asko daude Irunen eta, kasu gehienetan, euskararekiko konpromisoa partekatzen dute, baina askotan bakarrik sentitzen dira. Horregatik, planaren biziberritze-prozesuaren xede nagusietako bat da Kalean Bai komunitatea sortzea, elkarteen arteko saretzea sustatzeko, eta, horrez gain, planari atxikitako zerbitzu-katalogoa berritu egin dugu eta formakuntzak txertatzeko fasean gaude, “izan ere, kirol, dantza edo bestelako jardueren trebakuntzan diharduten elkarteei tresna espezifikoak eman nahi dizkiegu euskara modu atseginean sustatu dezaten, Solas Jolaseko begiraleek egiten duten moduan”. Era berean, udalari begiratuta, Irungo udalean euskararen erabilera normalizatzeko planaren eta Euskara sustatzeko ekintza planaren (ESEP) azken txanpan gaude aurten, izan ere biak 2018-2022 aldirako onartu baitziren.
Normalizazio-planari dagokionez, azpimarratzekoa da langile askok aurrera-pausoa eman dutela beren arloetan euskararen erabilera sustatzeko ardura bere gain hartzeko. Hain zuzen ere, kalean gertatzen den modu berean, euskararen ezgautza-maila erabilera-maila baino askoz altuagoa da udaletxean eta dakitenek gehiago erabili dezaten lortzea da planaren helburu nagusia. Ekintza-plana oso bestelakoa da, hain zuzen ere Irungo herrian euskara sustatzea baita planaren helburua, eta, horrenbestez, gizarteari zuzendutako ekintza ugari jasotzen ditu: adibidez, Solas Jolas, dirulaguntza lerroak (Euskaraz Baietz, Gu ere Bertsotan, hizkuntza-paisaia euskaratzeko laguntzak, euskara ikasteko bekak…), Irunero aldizkaria, Euskaltegiko ikastaroak, euskararen hilabetea (martxoan), euskararen nazioarteko eguna, Laburbira, mintzodromoak, Familia Ola, Udagiro, errefortzu eskolak, Euskaraldia eta, aurten lehen aldiz, Haurrak Parkean.
Aipamen berezia merezi dute Euskaraldiak eta Haurrak Parkean ekimenak. “Euskara sustatzeko egin ohi diren ekintza sozialek biztanleen eguneroko jardueretatik eta bizitzatik kanpoko esparru berezituak sortzen dituzte, eta Euskaraldia zein Haurrak Parkean zuzenean gure ohiko jardueretara hurbiltzen dira, gure eguneroko bizitzan hizkuntza-ohiturak aldatzera bultzatzeko. Horrela, Euskaraldia biztanleria helduari zuzentzen zaio, baita merkataritza-munduari ere, eguneroko egiten ditugun jarduerak euskaraz egin ditzagun; eta, Haurrak Parkean ekimenaren bitartez, begiraleak eramaten ditugu Irungo parkeetara, hor jolasean dabiltzan haurrak euskaraz jolastera animatzeko, talde-jolasen bitartez”. Horren haritik, aurtengo Euskaraldia hirugarrena izango da eta lanketa-prozesu luzea izan du; iaz hasi ginen Euskaraldiaren inguruko hausnarketa partekatua egiten, Euskara Aholku Batzorde bereziak deituz, eta lanketaren emaitzak maiatzetik aurrera ikusiko ditugu. Besteak beste, antzerki talde baten kolaborazioa izango dugu Euskaraldia bera ezagutarazteko eta Ahobizi/Belarriprest figurak zein ariguneak azaltzeko eta plazaratzeko, bai eta ohiko merchandising eta publizitatea ere.
Pandemiak zuzeneko eragina izan du gure hizkuntza-ohituretan, baita gure kontsumitzeko moduan ere. Izan ere, informatizazio-prozesu azkarra pairatu dugu, eta informazio eta komunikazio teknologien (IKT) menpekotasuna areagotu egin da, batez ere gazteen artean, eta horrek sekulako atzerakada ekarri du euskarari dagokionez. Teknologia horietan hizkuntza hegemonikoak gailentzen dira eta, ondorioz, euskararekiko esposizio-maila oso txikia izan dugu pandemian zehar. Ildo horretatik, euskararik ez dakiten familietako gazteek udaran euskararekin lotura galdu ez dezaten, Errefortzu Eskolak ekimena sortu genuen.
Era berean, helduagoei begira, Lannahi programa abian jarri genuen Irungo Euskaltegian, langabezian dauden hiritarrak edo % 50eko lanaldia edo gutxiago duten landunak doako euskara-ikastaro trikoak baliatu ditzaten. Eta, aldi baterako lanerregulazioko espediente (ERTE) baten menpe dauden langileentzat ere zabaldu dugu doakotasun-aukera hori berriki, “euskara ezagutzea gero eta gehiago eskatzen da lanmunduan eta, horrenbestez, instituzioek aukera eman behar dugu baliabide ekonomiko mugatuak dituztenek doan ikasteko aukera izan dezaten. Helburua beti izango da euskara doan ikasteko aukera bermatzea, eta bide horretan, egoera larrienean daudenei lagunduta has gaitezke”.
Nolanahi ere, Euskara arloak zuzenean garatzen dituen ekintzez gain, “beste arloek euskaraz garatzen dituzten ekintzak ere azpimarratu behar dira, euskararen sustapena zeharkako lana delako eta horrela egiten denean emaitza hobeak ematen dituelako; hor ditugu kirola, kultura, gazteria, hezkuntza, kontratazioa, informazio-gizartea eta partehartzea, komunikazioa… Guztiak dira ezinbestekoak euskararen sustapenean”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario