ALDAKETA NABARMENAK ETXEKO ALTZARI ETA TRESNA ZAHARRAK ATERATZEKO SISTEMAN
Ekainaren 4tik aurrera, etxean soberan dauden altzari eta tresna erabiliak uzteko sistema erabat aldatuko da. Aldaketa nabarmenena: Hondarribian nahiz Irunen (auzoka) egun zehatz batzuetan jaitsi ahal izango dira etxeko altzari eta tresna zahar horiek Txingudiko Zerbitzuak erakundeko langileek jaso ditzaten. Eta ordutegi bateratuan: beti, 20:00etatik 22:00etara. Landa eremuan, berriz (Irunen eta Hondarribian), astean behin, ostiraletan utzi ahal izango dituzte etxean nahi ez dituzten gaiak herritarrek baina horiek jasotzeko aldez aurretik deia egin behar dute Txingudiko Zerbitzuen arreta telefonora: 900 119 384. Kamioiek gauez egingo dute horien jasotzea kasu guztietan. Arauak betetzen ez badira, zigorrak ezar daitezkeela jakinarazi du erakundeak.
Honakoak, Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) finkatu dituen altzariak eta tresnak uzteko egunak, auzoka:
Irunen
- Astelehen eta ostegunetan: Alde Zaharra, Antzaran, Erdialdea, Lapitze, Larreaundi, Olaberria, Pinudi eta San Migel.
- Astearte eta ostiraletan: Anaka, Jaitzubia.
- Asteazken eta igandeetan: Arbes, Artia, Behobia, Belaskoenea, Dunboa, Katea eta Santiago-Beraun.
Hondarribian
- Astearte eta ostiraletan: Akartegi, Alde Zaharra, Amute-Kosta, Mendelu, Portua, Puntalea, Zimizarga eta Akartegi.
Aldaketaren helburua da, gaur Txinzerren arduradunek jakinarazi dutenez, Irungo eta Hondarribiko kaleetan etengabeko altzarien presentzia murriztea, eta aldi berean, gaika hobeto sailkatzea. Izan ere, obra eta inauste hondakinak zuzenean Garbiguneetara eraman behar baitira (ezin dira altzariak uzteko eremuetan utzi). Txinzerrek nabarmendu du objektu horiek eskualdeko bi garbiguneetako batera (Araso Irunen eta Akartegi Hondarribian) eramatea dela euren lehen aukera, eta hori egin ezin denean, bide publikoetako bilketa zerbitzua erabiltzea tresna horiek kaleetatik kentzeko. Txinzerrek aipatu du 353.904 euroko urteko kostua duela altzariak eta tresnak jasotzeko zerbitzuak.
Informazio orriak emango dituzte etxe guztietan sistema aldaketaren berri emateko. Hala, bertan hainbat ohar azalduko dira, tartean, altzariak eta tresnak uzteko guneetan zer utz daitekeen, eta zer ez. Kaleko edukiontzietan ere eranskailuak jarriko dituzte, informazioarekin. Hona laburpen bat:
- Utz daitezkeen gaiak: altzariak, koltxoiak, etxeko tresna elektrikoak, telebistak eta ordenagailuak.
- Uztea debekatuta dauden gaiak, zigor arriskupean: obra hondakinak, paletak, inauste hondakinak, komunekoak (pixa eta kaka egitekoak, bainerak…).
- Garbigunera zuzenean eraman behar diren artikuluak: olioa, pintura, bonbillak eta fluorezenteak, komunak, konketak, ispiluak eta bolumen handia duten objektuak. Obra eta inauste hondakinak ere garbigunera eraman behar dira.
Txinzerreko kudeatzaile Leire Zubiturrek bidasoarren laguntza eskatu du sistema berria ondo joan dadin, “horren baitan egongo da egun osoan kalean, inolako kontrolik gabe egoten diren altzarien irudi horiek desagertzea”. Nabarmendu du herritarren lehen aukera izan behar dela etxeko altzari eta tresnak, nahiz gainerako hondakinak garbigunera eramatea. Hori ezin bada egin, dagokion egun eta orduan utzi behar dira auzoetan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario