PLAIAUNDIKO GAIAN ORAINDIK PAUSORIK EMAN EZ IZANA SALATU DUTE BIDASOALDEKO LAGUNEK
Bidasoaldeko Lagunak plataformak gogoratu duenez, Txingudiko Eremuaren Baliabide Naturalak Babesteko eta Antolatzeko Plan Berezia indarrean sartu zela “zilarrezko ezteiak” beteko dira 2019. urtean. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Irun eta Hondarribiko Udalek sinatutako dokumentua (Plaiaundiko kirol pistak Plan Bereziak babestutako eremuetatik kanpora lekualdatzeko erabakia azaltzen zen bertan) izan zela nabarmendu dute, eta oraindik pauso zehatzik eman ez dutela.
“Erakundeetatik esan ohi da asko egin dela Txingudin eta, neurri handi batean, egia da, baina kirol instalazioen gai honetan, luzamendutan ibili dira denbora eta dirua galduz, birkokapen zenbatezinak proposatuz inolako irtenbidera ez iristeko”, adierazi dute Bidasoaldeko Lagunak plataformatik. Irungo Udalak hartuko duen papera zein izango ote den galdetu dute: “Eusko Jaurlaritza eta Europako Batzordeari aurre egin, orain arte bezala, Plaindiko leheneratzea oztopatuz, edo udal instalaziorik gabe utzi Irungo erabiltzaile, klub eta eskolak?”. Oraindik aurrera pausurik eman ez izana leporatu diote udalari, “ezgaitasuna eta borondate falta” izan duela.
Amaitzeko, Irungo Udalari erreferentzia eginez, honakoa esan dute: “ikasturtean zehar ikasten ez duen eta azken txanpan ere ahalegintzen ez den ikasle kaskarra bezala (25 urtekoa, alajaina) ezin izango die besteei errua bota azken azterketa suspenditzeagatik”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario