ESKUALDEKO NEKAZARITZA PRODUKTUEI BULTZADA EMANGO DIOTE
Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Bizirik elkartearen bitartez, bigarren ‘GureGourmet’ proiektua martxan jartzea erabaki dute. Eskualdeko nekazaritzako elikagaien industria bultzatu nahi dute proiektuarekin, Irun eta Hondarribiko kontsumitzaileak protagonistak bilakatzeko. 2015ean egin zuten lehen edizioa, eta aurten, errepikatzea erabaki dute.
Horretarako, 12 pertsona aukeratuko dituzte, Bidasoko produktuen enbaxadore izateko. Pertsona horiek ‘boxGourmet’ izeneko kutxa bana jasoko dute (doan), eskualdeko produktuez beterik. Horiez gain, beste bi pertsona aukeratuko dituzte (2015ean Juanma Garate eta Julian Iantzi izan ziren).
Kutxa jaso ondoren, enbaxadoreek bazkari edo afari bana prestatu beharko dute eta ikus-entzunezko baliabideen bitartez, kozinatzeko prozesua eta platera bera dastatzeko unea jaso beharko dute. Horren ostean, proiektuaren webgunean, gutxienez, bi argitalpen egin beharko dituzte. Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-en presidenteak adierazi duenez, “Bidasoa eskualdeko nekazaritzako tokiko produktuak sustatzeko komunikazio kanpaina apropos bat da hau. Gainera, eskualdeko produktuak ezagutzera emateaz gain, bildutako datuen bitartez produktuen ontziratze edo paketatzean hobekuntzak egingo dira”.
Berehala hasiko dira enbaxadore gisa arituko direnen bila. Eduki erakargarri bat eskaintzeko gai direnak, komunikazio gaitasunak dituztenak eta sukaldaritzan interesa dutenak bilatuko dira. Izen ematea datorren ekainaren 4tik 18ra bitarte egin daiteke.
Ondorengoak dira proiektuan parte hartuko duten enpresak: Amona Margarita okidegia, Bidassoa Basque Brewery, Sofresal, Embutidos Fernandez, Lacteos Doncel, Soleil Gourmand, Sakona Coffe Roasters, Txangu2 Gourmet, Elizberri baserria, Hiruzta, Legamia, Garua, Endanea Garden Center, Mattenea baserria, Bidart, Legamia eta Ola sagardotegia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario