HAMABOSGARREN BIOTERRA AZOKA EKOLOGIKOA, PREST
Datorren ekainaren 1ean (ostirala), ekologiari ateak zabalduko dizkiote Ficoban. Hamabosgarrenez jarraian, produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskadiko Bioterra azoka egingo dute.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo Bioterra azoka berezia izango da. Orotara, 170 erakusketari baino gehiagok hartuko dute parte, eta horretarako, Ficoba erakustazokako hiru pabiloi eta kanpoko zati handi bat egokitu dute.
Erakusketariez gain, tailerrak, hitzaldiak, erakustaldiak eta master classak eskainiko dituzte. Gainera, etxeko txikienentzat jarduera ezberdinak antolatu dituzte. Hala, elikadura osasungarriaren eta produktu ekologikoen inguruko antzerkia ikusteko aukera edota esplorazio eta aurkikuntza gune bat izango dute Ficoban.
Datorren ostiralean, 12:00etan, inaugurazio ofiziala egingo dute. Azoka bisitatzeko, interesdunek 3 euro ordaindu beharko dituzte (12 urte arteko umeek doanik), eta parkinga doan izango dela jakinarazi dute. Igandean berriz, 12:30ean, Bioterraren 15. edizioa ospatzeko, cava ekologikoarekin topa egingo dute bertaratutako guztiek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario