domingo, 1 de diciembre de 2013

Hainbat ekitaldi antolatu dira hilaren 3an Euskararen Eguna dela eta

Noticia publicada en Diario Vasco sección Bidasoa,el domingo día 1 de Diciembre de 2013.


IRUN

Hainbat ekitaldi antolatu dira hilaren 3an Euskararen Eguna dela eta

Egun osoan zehar, Udalak eta beste hainbat instituzio eta elkartek, aktibitate ugari antolatu dituzte euskararen erabilera bultzatzeko 

01.12.13 - 00:51 - 
mprimir

Abenduaren 3an euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aitortzeko helburuarekin, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Bihar Irungo Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu, Euskararen Aldeko Post-it Art ekimena, Mintzodromoa, eta Kalean Bai! Hitzarmenen sinadura ekitaldia, hain zuzen ere. Horretaz gain, Gaztezulok, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak antolatutako Ika Mizka ekimenean ere lagunduko du.
Irungo Udaleko Euskara ordezkaria den Fernando San Martinek aipatu zuenez «aurten Euskararen Nazioarteko Egunerako ekimen berritzaile bat antolatuko du Irungo Udalak, Kunsthal eskolarekin elkarlanean: Euskararen Aldeko Post-it Art ekimena». Ekimen hau Irungo ikastxeek proposatuta antolatu du Udalak eta helburua mural bat egitea da koloreetako 2.000 post-itetan jasotako euskararen aldeko mezuekin. Post-itak erabilita ondoko leloa osatu nahi da: 'Euskara, denon hizkuntza'. San Martinek hiritarrak animatu ditu, abenduaren 3an, euskararen aldeko mezua duen post-ita uztera San Juan plazan goizeko 10.00etatik gaueko 21.00ak arte egongo den muralean. San Juan plazara hurbiltzerik ez duenak www.postitarteuskararenalde.wordpress.com helbidean utzi dezake bere mezua.
Udalaren Mintzodromoak hirugarren edizioa beteko du, Irungo euskaltegi eta Mendibil Merkataritza gunearekin elkarlanean. Euskara ordezkariak zioenez, «oso harrera ona izan du aurreko urteetan, izan ere, aukera ezin hobea da euskaltegitik kanpo euskaraz hitz egiteko, lagunekin kafetxo bat hartzen den bitartean». Mendibil Merkataritza Guneko kafetegian izango da, goizeko 10.00etan eta arratsaldeko 17.00etan. Partehartzaileek launaka eserita, hogeina minutuko 3 txanda izango dituzte berriketan aritzeko hiru gairen inguruan. Honetan ere parte hartzera gonbidatu zituen herritarrak. «Batzuek, ikasten ari diren hizkuntza erabiltzeko ahalegina egiten dute eta, besteek, ahalegin horretan laguntzen diete». Parte hartzeko, izena eman daiteke 943 50 52 72 telefonoan edo euskara@irun.org helbidean.
Gaztezulo aldizkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Mondragon Unibertsitateak eta ikasleek Irungo Udalaren laguntzarekin Ika Mizka ekimena antolatu dute Irungo gazteei begira, 'Eta hik, nola bizi dunk euskara?' lelopean. Ekimen honek hainbat alorretako aurpegi ezagunak eta gazteak bilduko ditu mahaiaren bueltan, euskaraz eta euskara bizitzeko moduez hitz egin eta eztabaidatzeko: pozak, oztopoak, aurrerapausoak, aurpegi txarrak, aldaketak, anekdotak.Bi txanda antolatu dira MUko Bidasoako campusean: bata goizeko 10.00etatik 11.10etara joango da eta bestea 11.40etatik 12.45ra. Izena eman nahi duenak www.gaztezulo.com/ikamizka web gunean egin dezake. «Giro jatorra eta ondo pasatzea bermatuta dago» adierazi zuten antolatzaileek.
Eta ez asteartean bakarrik
Eguna biribiltzeko, arratsaldeko 19:30etan, Irungo Udaletxeko Areto Nagusian Kalean Bai! Planeko hitzarmen sinadura ekitaldia izango da. Bertan, Irungo 39 elkartek euskararen aldeko bere konpromisoa berretsiko dute. Biharamunean ere egongo da zer ospatu. Izan ere, udal liburutegia jai honetara batu nahi izan baita eta abenduaren 4an, arratsaldeko 17.30etan, haurrentzako kontu kontari saioa antolatu du. Maider Galarzak gidatuko du ekimena 'Firirika eta Ririndaka' kontakizuna baliatuz.
Irungo Udala ez da, dena den, ekimenak antolatu duen bakarra, Irungo hainbat elkarte eta taldek beste ekintza batzuk antolatu dituzte egun honen karira, azaroren 16tik abenduaren 5era bitarte.


No hay comentarios: