viernes, 25 de mayo de 2018

EH Bilduk eredu berri bat sortu nahi du Irunentzat

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el jueves día 24 de Mayo de 2018.

EH BILDUK EREDU BERRI BAT SORTU NAHI DU IRUNENTZAT


Joxe Cayetano eta Dani Hernandez, gaurko agerraldian.
Irungo EH Bilduk agerraldia egin du gaur Bilgunean. Bertan Joxe Cayetano eta Dani Hernandezek argitu dutenez, Irungo “diagnostiko erreal” bat egin nahi dute, eta hiritarrekin hitz egin ondoren, eredu berri bat sortu.
Lehenik, koalizioa “indar politiko berritzailea” dela nabarmendu du Cayetanok. Egun Irunentzat Udal Gobernuak aurrera eramandako herri proiektua “zaharkitua” dagoela salatu dute, XXI. mendean sortzen diren arazoei ez diela erantzunik ematen. Horren ondorioz, eredu alternatibo bat eraiki nahi dute, eta horretarako, herritarren partaidetza sustatzea beharrezkoa ikusten dute.
Hurrengo belaunaldien egonkortasuna bermatzeko eredua nahi dute. Eredu berria definitzen hasteko, hiru kontzeptu landuko dituzte: baliabide naturalak, ekonomiaren hazkuntza eta gizartea. “Garbi dugu gizarte kohesionatu bat ekonomia osasuntsua garatzeko kapaza izango dela, ekonomia sanoak eta heterogeneoak gizarte kohesioaren blindatzea ekarriko duela, eta ekonomia sano eta heterogeneoak etorkizunari begirako baliabide naturalen babesa bermatuko duela”, adierazi du Cayetanok.
Kontzeptu horiek elkarbanatzen dituzten herritarrekin elkartuko dira EH Bilduko kideak datorren larunbatean (hilak 26), Palmera Montero gunean. Bertan, Hernandezek kontatu duenez, hiri eredu berrirako irundarrek dituzten iradokizun eta proposamenak jaso nahi dituzte. Horretarako, ondorengo zortzi gai nagusi landuko dituzte: giza duintasuna, hondakinen tratamendua, mugikortasuna, euskara, hezkuntza, kultura eredu berria, gatazkaren ondorioak eta hiritar aniztasuna.
10:00etan ekingo diote saioari. Zortzi talde nagusitan banatuko dituzte partaideak, eta lan talde bakoitzak landutako ondorioak amankomunean jarriko dituzte. “Gure asmoa ez da guk planteatuko galderei erantzutea, baizik eta eztabaida ireki bat sustatzea”, adierazi du Hernandezek.
SPIren proposamena ikertuko dute
Udalean zenbait eginkizun betetzen dituzten hainbat lagun kaleratzea proposatu zuen atzo Si Se Puede Irun (SPI) taldeak. Proposamen horren harira, Irungo gobernu taldeak euren kontrako jazarpen politikoa egiten ari direla leporatu diete oposizioko taldeei.
SPIk egindako proposamena ikertuko dutela onartu dute EH Bildutik. Horrez gain, Irungo udal talde guztien ordezkagarritasuna kontuan hartu behar dela gogoratu diote gobernu taldeari. “Ez dakigu ziur alderdi sozialistaren edo gobernu taldearen adierazpena izan zen atzokoa, dualtasun hori uste dugu ez dutela ondo ezberdintzen”, adierazi du Cayetanok. Irungo alkate Jose Antonio Santanori oposizioa existitzen dela onartzeko eskaera egin diote gaur, eta atzoko agerraldia “zoritxarrekoa eta nahiko teatreroa” izan dela.

No hay comentarios: