viernes, 25 de mayo de 2018

Irun, Hondarribia eta Hendaiako 700 haurrek Kirolaren Jaian parte hartu dute

Noticia publicada en Angula Berria.info,el jueves día 24 de Mayo de 2018.

Irun, Hondarribia eta Hendaiako 700 haurrek Kirolaren Jaian parte hartu dute

Irun, Hondarribia eta Hendaiako 8 eta 12 urte bitarteko 700 haurrek Ficoban maiatzaren 23an arratsaldeko 15:00etatik 19:00tara antolatu den Kirolaren Jaian parte hartzeko aukera izan dute. Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalek Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez antolaturiko ekitaldi bat izan da.

Ekitaldi honen barruan hainbat ekintza antolatu dira, partaidetza-jolasak, puzgarriak, marrazketa tailerrak, etab. Gainera, haurrek txirrindularitza, futbola, mahai-tenisa eta xake tailerretan parte hartzeko aukera izan dute, askaria hartu eta sariak handiak izan dituzten zozketetan parte hartzeko aukeraz gain. Egun honetan zehar haurrek egindako marrazkiak Bidasoko Interpretazio Gunean ikusgai jarriko dira ekainaren 5etik 28ra.

Aurtengo edizioan eskualdeko kluben parte hartzea berezia izan da. Ekitaldira eliteko kirolariak hurbildu dira, haiek praktikatzen dituzten kirolekin loturiko tailerrak antolatu dituzte eta kirol ekipamendu eta materialarekin zozketak egin dituzte. Zehazki, Real Union eta Lekaenea Mahai Tenis Taldeek parte hartu dute. Hondarribiko Arraun Elkarteak eta Bidasoa Irun taldeek, berriz, zozketetan oparitzeko materiala eman dute. 

Bestetik, Goazen telesaileko Asier Burguete aktore irundarrak  ( telesailean Markel izeneko pertsonaia) dantza tailerrak gidatu ditu. 

Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak era oso positiboan baloratu du  aurtengo ekitaldia. Gainera, Irun, Hondarribia eta Hendaiako haurren parte-hartze handia eta ikastetxe zein kirol kluben kolaborazioa asko eskertzen da.

Helburuak eta ibilbidea 
Mugaz-gaindiko integrazioa eta hizkuntza-trukea helburu dituen ekimen bat da. Hau da, hiru hirietako haurrek elkar ezagutu, hizkuntza ezberdinak hitz egin eta, azken finean, mugak gainditzeko aukera izan dezatela.

Aurreko edizioetan ekitaldian parte hartzeko aukera eskola kirola praktikatzen zuten 8 eta 10 urte bitarteko haurretara mugatzen zen, baina, aurten, 8 eta 12 urte arteko haur guztiei luzatu zaie ekitaldian parte hartzeko gonbidapena. Neurri honen bitartez kirola egitea bultzatu nahi da normalean kirola praktikatzeko ohiturarik ez duten haurren artean. 

Kirolaren Jaiaren hamabosgarren edizioa izan da hau, partaidetza handiko ekitaldia, 2014 urtetik Ficoban antolatzen dena.

No hay comentarios: