domingo, 3 de febrero de 2019

Alexander Martinez Iturria: «Liburu hau definitzen duena kontakizunen aniztasuna da»

Noticia publicada en Diario Vasco,el domingo día 3 de Febrero de 2019.

Alexander Martinez Iturria: «Liburu hau definitzen duena kontakizunen aniztasuna da»

Alex Martinez idazle irundarra, argitaratu berri duen 'Iraumen' ipuin bildumarekin./
Alex Martinez idazle irundarra, argitaratu berri duen 'Iraumen' ipuin bildumarekin. 

Irundarraren 'Iraumen' ipuin bildumak Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi du

JOANA OCHOTECO
0
Nahiz eta hilabete batzuk pasa diren Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi zuenetik, Alexander Martinez Iturriak (Irun, 1989) albistea jaso zueneko ilusio berarekin jarraitzen du. 'Iraumen', saria irabazi zuen ipuin bilduma, duela gutxi argitaratu du Algaida argitaletxeak, eta duela bi aste Brontë liburu-dendan aurkeztu zen. Obra hau osatzen duten hemeretzi ipuinek ardatz baten inguruan biratzen dute: Iraume metropolia, liburu hau bezain anitza den gizartea barne hartzen duena. Fikziozko hiri horretan bizi diren pertsonaiak ezagutzeko aukera eskaintzen du Alexander Martinezek bere lehenengo liburuan.
-Irundarra zara, baina orain Bar-tzelonan bizi zara.
-Bai, hemen egin nituen ikasketak eta, bukatzerakoan, bidaiatzen ibili nintzen. Irunera bueltatu eta, ondoren, Bartzelonara etorri nintzen berriz nire bikotearekin. Orain, Euskal Herrira itzultzeko ideiarekin gaude.
«Nahiz eta Irun hiri txikia izan, bizimodua eta erritmoa ez dira hain desberdinak hiri handienengandik»
«Banekien lehiaketa irabaztea ez zela erraza izango, baina beti daukazu halako ilusio bat...»
-Arkitektura eta Hirigintza ikasketak burutu dituzu. Nola murgildu zinen literatur munduan? Beti izan al duzu zaletasuna?
-Beti gustatu zait irakurtzea eta idaztea. Baina inflexio puntu bat bizi izan nuen Arkitekturako azkeneko urtean: Argentinan egin nuen kurtso hori, eta han, Buenos Airesen, fakultate berean egiten ziren Arkitekturako ikasketak eta Humanistikoak. Bertan modu desberdinean antolatzen dira, eta aukera izan nuen beste klasetara joateko: ipuin tailerrak, gidoiak egin... Mundu horretan murgildu nintzen. Idazlea izateko ideiarekin bueltatu nintzen bertatik.
-Beraz, zure ibilbide profesionalaren zentzua aldatu duzu.
-Oraintxe 'standby' batean nago, baina denbora eskaini diot idazteari. 'Iraumen' liburua bukatu nuen, zortea eduki nuen eta argitaratzeko aukera izan dut. Orain, ikusiko dut ea zer aukera profesionalak dauden, ea idazle bezala ze nolako bizi-erritmoa eduki dezakedan.
-Horri buruz galdetu behar nizun: 'Iraumen' liburuarekin Donostia Hiriko Kutxa Saria irabazi zenuen joan den irailean. Pozez jasoko zenuen, ezta?
-Poz haundiarekin, bai. Ez nuen espero, banekien ez zela erraza izango, baina beti daukazu halako ilusio bat... Ondo oroitzen dut zer sentitu nuen deitu zidatenean albistea emateko. Ondoren, prozezua oso azkarra izan da: irailean esan zidaten irabazleen artean nintzela, eta gabonetarako liburua esku artean neukan. Oraindik ere, poza barruan daukat eta ilusioarekin nago.
-Zure liburua osatzen duten ipuinen ardatza Iraume metropolia da.
-Beti gustatu izan zaizkit ipuinak, kontakizun motzak. Eta baita ere, nire ikasketekin lotuta, hiria aztertu, gizartea eta bere arazoak... Iraume hiri fantastikoa sortzearen ideia konturatu gabe atera zen. Pertsona desberdinak hiri ezberdinetan kokatzen nituen, baina, azkenean, hiri berdin batean egon litzatekeela konturatu nintzen. Horrela sortu zen Iraume, hiri generiko, fantastiko eta futurista...
-Zure liburua irakurtzerakoan badirudi gizakiok, naiz eta desberdinak izan, amankomunean izan dezakeguna isladatzen duela Iraumek.
-Bidaiatzen ibili nintzenean, Buenos Airesen eta Tokion egon ondoren, Irunera itzuli eta konturatu nintzen, nahiz eta bertan ibili, Japoniako edo Argentinako jendea ikusten nuela bertan isladatuta. Nahiz eta Irun hiri txikia izan, konturatzen zara gure erritmoa eta bizimodua ez direla horren desberdinak hiri haindienengandik.
-Hemeretzi ipuin biltzen ditu liburuak. Bilduma bat osatzeko ideiarekin idatzi zenituen hasieratik?
-Istorio batzuk duela urteak idatzi nituen, eta beste batzuk duela sei hilabete. Azkeneko hiru edo lau urteak prozezu bat izan dira niretzat: idatzi, ahots eta teknika desberdinak probatu... Eta, azkenean, ipuin batzuek badute estilo bat, Iraume ardatz nagusi gisa eta beste batzuek ez dute hiri horretaz hitz egiten. Liburu hau definitzen duena kontakizunen aniztasuna dela uste dut: kontakizun oso desberdinak dira, baina azken finean, horrek ere egiten du metropolia, horrelako aniztasun eta heterogenitatea.
-'Iraumen'en dagoen ipuinetako bertsio bat 'Gogoratzen nauzuenetan' bilduman agertu zen, Asun Casasola Ipuin Lehiaketako lan batzuk biltzen zituena.
-Bai. Niretzat, ipuin hori ('Gatibuen dantza') oso kuttuna da. Asun Casasola Ipuin Lehiaketan egiten duten lana oso garrantzitsua dela uste dut.
-Ba al dago, 'Iraumen' biltzen dituen ipuinen artean, gustokoen duzun bat? Badakit hau aita bati zein den bere seme kuttunena galdetzea bezalakoa dela, baina...
-Ez naiz aita, baina suposatzen dut antzekoa izango dela, bai... Eta kasu honetan ere, baliteke gogokoen bat izatea, baina itsusia da esatea zein. Bakoitzak badu bere istorioa: agian ipuinen batek balio berezia du niretzat, duela lau urte idatzi nuelako; eta besteek, duela gutxi idatziak, gehiago landuak daude, eta ziur aski hobeto idatziak. Laburbilduz, bakoitzak badu bere balioa niretzat.
-Duela bi aste 'Iraumen' aurkeztu zenuen Irunen, Brontë liburu-dendan. Nola bizi izan zenuen arratsalde hori?
-Argitaletxearekin zain nengoen ekitaldi edo aurkezpenaren bat egiteko. Azkenean, nik antolatzea erabaki nuen. Brontë Liburu-dendan egiteko aukera ikusi nuenean, oso argi ikusi nuen. Ez nuen aurkezpena beste inon imajinatzen. Egun oso berezia izan zen: esperientzi berri bat niretzat, ilusioz... Nire familia, kuadrila, gertukoak, jende ezaguna, ez hain ezaguna eta ezezagunak baita bildu ginen. Ilunabar oso berezia izan zen niretzat eta mimoz gogoratuko dut beti. Aurkezpen egunean, liburuak nolabait bizitza irabazi zuen niretzat.

No hay comentarios: