jueves, 3 de diciembre de 2020

Euskararen aldeko Adierazpen Instituzionala sinatu dute udal talde politikoek

Noticia publicada en Diario Vasco,el jueves día 3 de Diciembre de 2020.

Euskararen aldeko Adierazpen Instituzionala sinatu dute udal talde politikoek

M.A.I.IRUN.

Irungo udalak adierazpen instituzional bat argitaratu du gaur, abenduak 3, ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. «Pandemia geldiarazteko mugak direla eta, haurrentzako aire zabaleko jarduerak antolatzea ezinezkoa izan da», jakinarazi zuen Euskara ordezkariak, Mónica Martinezek. Hori dela eta hainbat liburu sorta helarazi dizkie hiriko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei Udalak «euskararen alde egiten duten lana eskertzeko». Horretarako «Dibulitoon estudioren laguntza eskuzabala» aitortu zuen zinegotziak.

Euskara biziberritzailea

'Euskara, aurrerabide. Gizartea euskaraz biziberritzea helburu' lelopean idatzi da aurtengo Euskararen Egunaren Adierazpen Instituzionala. Testua horrela hasten da: «Inoiz inork pentsatuko ez zukeen eran jo gaitu gaitzak. Kupidarik gabe utzi du agerian ahaztu nahi genukeen zerbait: zaurgarriak gara; zaurituta gaude».

Egoera horren aurrean «erantzukizunaren bidetik heldu diogu erronkari, denon indarrak batuz». Jakinda erabilpenaren aldetik euskarak ere pandemiaren ondorioak sufritu dituela, talde guztiek sinatutako proposamenak gonbitea luzaten du: «euskaraz egin behar diogu aurre mundu mailako krisiari; euskaraz egin behar dugu ilunpetik argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu geure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak».

Euskaraldian begirada ipini du testuak. «Aurtengoan, balio berezi batez apainduko da ahoa bizi, belarria prest eta bihotza kartsu dugun guztion ekimena. Inoiz baino erabakigarriagoa izango da euskararekiko gertutasunezko keinu praktiko oro. Esanahi berezi batez jantziko da aurten, ezinbestez, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko ahalegina: egokitu zaigun ataka larritik ateratzeko erabakiari, euskaraz ateratzearen ezinbestekotasuna erantsiko diogu. Erabil dezagun euskara aurrera egiteko lanabes gisa. Euskaraz biziberritu behar dugulako geure gizartea. Euskararen ahotsa zor diogulako munduari. Euskaraz garelako munduko herritar. Euskara aurrerabidea delako».

No hay comentarios: