Irungo euskarazko lehenengo irakurle taldea martxan jarri da
Lehen bilera martxoaren 10ean izango da, Yurre Ugarte idazlearen zuzendaritzapean eta Anjel Lertxundiren 'Zu' liburuaz hitz egingo da
- JOANA OCHOTECO
- IRUN
Irunek badu jadanik euskaraz idatzitako literaturaren irakurle taldea. Ekimen berri hau CBA liburutegitik antolatu da eta Yurre Ugarte idazlea izango da dinamiza-tzailea. Taldearen lehenengo zita datorren martxoaren 10ean izango da, ostegunarekin, arratsaldeko zazpietan.
Jardueraren funtzionamendua beste irakurle taldeen antzekoa izango da: partaideak hilean behin bilduko dira udal liburutegian eta bertan liburu bati buruz hitz egingo dute. Taldeko kideen konpromiso bakarra liburu hori irakurrita izatea izango da.
Yurre Ugartek baieztatzen duenez, «Irunen badago zaletasuna eta euskarazko irakurle eta idazle ugari bagara». Liburutegian literatur jarduera eta tailer desberdinak eskain-tzen dira, baina orain arte ez zegoen euskarazko irakurle talde bat eta hutsune hori betetzeko xedearekin jaio da ekimen berri hau. «Beharrezkoa zela uste dugu, ia herri guztietan baitaude horrelako taldeak», baieztatzen du idazleak. «Liburutegitik proposatu zidaten taldeko arduraduna izatea», eta gustura jaso du Yurre Ugartek erronka hau.
Liburu autobiografikoa
Hileko ostegun batean bilduko dira partaideak CBAn irakurri duten liburu bati buruz «hitz egiteko, hausnartzeko, partekatzeko... Eta euskarazko literaturaz gozatzeko». Taldeko arduradunak dagoeneko aukeratu du lehenengo bileran aztertuko den lana: Anjel Lertxundiren 'Zu' izango da.
Oso autobiografikoa den nobela hau joan den abenduan kaleratu zuen Erein argitaletxeak: emazteari pankreako minbizia diagnostikatu ziotenean hasi zen Anjel Lertxundi liburu hau idazten. Gaixoaldiaren prozesua abiapuntutzat hartuz, idazle oriotarrak berak «borroka baten istorioa» bezala definitu du 'Zu' liburua. Anjel Lertxundik bai idazle eta baita senar gisa kontatzen du borroka hori.
Euskarazko irakurle taldearen lehenengo bilerara joan nahi dutenek liburu hau irakurri beharko dute datorren martxoaren 10a baino lehenago. Ekimena dohainik da, baina parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Interesatuok CBA udal liburutegian bertan inskribatu daitezke, edo 943 505 421 telefono zenbakira ere deitu dezakete.
Lehenengo saioaren amaieran dinamizatzaileak azalduko du zein izango den apirileko bileran aztertuko den liburua. Yurre Ugartek aurreratzen duenez, datozen topaketetan «urtean argitaratzen diren liburuak» hausnartuko dira, eta baita «euskarara ekarritako itzulpenen bat. Eta irakurle taldea aurten sortu denez, euskal literaturak azken urteetan eman dituen liburu esanguratsu batzuk aukeratu ditugu ere».
Martxoan abian jarriko denez, irakurle taldearen lehenengo kurtsoa motza izango da, ekaina arte, baina «irailean edo urrian bueltatuko gara» saio berriekin, dinamiza-tzaileak azaltzen duenez. Yurre Ugartek Irungo euskarazko irakurle denak gonbidatzen ditu jarduera berri honetan parte hartzera. «Konpromiso bakarra hilero liburu bat irakurtzea izango da», gogorarazten du idazleak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario