lunes, 23 de abril de 2018

Nekazaritza ekologikoari emandako azalera %25 handitu zen iaz EAEn

Noticia publicada en Diario Vasco,el lunes día 23 de Abril de 2018.

Nekazaritza ekologikoari emandako azalera %25 handitu zen iaz EAEn

Azokaren aurreko edizio bati dagokion argazkia,/F. DE LA HERA
Azokaren aurreko edizio bati dagokion argazkia, / F. DE LA HERA

Hedapen betean dagoen sektore baten bilakaera islatuko du ekainaren 1etik 3ra Ficoban egingo den Bioterra azokaren 15. edizioak

Azken 15 urteetan egin duen bezala, ekainaren lehen egunetan Ficoban egingo den Bioterra produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azokak hazkunde fasean jarraitzen duen sektorearen bilakaera islatuko du. Azokaren aurkezpenean Monica Alday Bioterraren zuzendariak eta harekin egon diren Arantza Eguskiza ENEEK-ko presidenteak, 'El Curry Verde jatetxeko Xabier Mendizabalek eta Maripuri Tijeritas enpresako Garbiñe Tolosak nabarmendu dutenez, Bioterra, 15 urte betetzearekin, «nerabezarora iritsi da, eta osasun-egoera bikainean egin du gainera». Ázoka honek 2004anireki zituen ateak, 70 erakusmahairekin, eta 6.000 bisitari baino zertxobait gehiago izan zituen. Gaur, sektoreko hitzordu garrantzitsuenetako bat da Bioterra, batez beste 12.000 bisitari eta 1.270 erakusmahairekin.
Bilakaera hori irudi berri batean islatu nahirik, logotipo berria egin dute, «eguneratua, minimalista, azokaren izena nabarmenduz eta publiko orokorreko zein profesionaleko sektore zabaletan ezaguna den Bioterra hitzari indarra emanez».
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak Bioterraren aurkezpena baliatu du 2017ko nekazaritza ekologikoaren balantzea ezagutzera emateko. Aurten ere nekazatitza ekologikoak zifra positiboak izan dituela adierazi du, eragile kopuruan %5 eta azaleran %25eko hazkundearekin.
Alde horretatik, kasu berezia da Gipuzkoa. EAEko Lurralde txikiena izanik, nekazaritza ekologikoari emandako azalera ere bertan da beste lurraldeetan baino txikiakoa; eragile-kopuruari dagokionez, ordea, indar gehien duena izaten jarraitzen du: Euskadiko eragile ekologikoen artean, 10etik 4 gipuzkoarrak dira.
Eraldaketa-enpresa ekologikoetan ere aurretik doa Gipuzkoa, gipuzkoarrak baitira ENEEKek ziurtatutako eraldatzaile guztien %44. Gipuzkoan, ziurtatutako 87 jarduera daude guztira. Indar gehien okintzak, kontserba bejetalek, sagardogintzak, esnekien eraldaketa enpresak eta zatiketa-gelak daukate.
Elikagai ekologikoen kontsumori buruzko datu zehatzik ez badira ere, 2017aren bukaeran gai honi buruzko zenbait albiste positibo jaso dira. Alde batetik, Estatu mailan elikagai ekologikoen kontsumoak izan duen hazkundea: 2017. urtean %14 egin zuen gora. Alor honetan Euskadiko datu konkreturik ez dago, baina Estatuan izan den joera gurean ere aintzat hartu daiteke, zalantzarik gabe.
Azokaren 15. edizioarekin batera, logotipo berria ere aurkeztu dute.
Azokaren 15. edizioarekin batera, logotipo berria ere aurkeztu dute. / F. DE LA HERA
Iritzi hau indartzeko badira arrazoiak: alde batetik, elikagai ekologikoen salmentarako ziurtatuta dauden saltokien kopurua (momentu honetan,26 establezimenduk dute ENEEKren bermea, tartean zenbait banatzaile handi); beste aldetik, ENEELen erroldan inskribatutako eraldaketa eta merkaturatze enpresak 2016an 75 izatetik, 2017. Urtean 95 izatera pasatu dira eta erregistratutako fakturazioa 20.390.421 eurokoa izan da, 2016an baino %22 gehiago.
Aurkezpenean azaldu dutenez, «euskal nekazaritza ekologikoaren aniztasuna irudikatuta geratuko da beste behin Bioterran». ENEEKetik koordinatu eta laguntzen duen EkoEuskadi gunearen 108 metro koadroetan, ortuariak, landareak, barazki kontserbak, plater prestatuen kontserbak, ogia eta opilak, gazta, sagardoa, ardoa, fruitu lehorrak eta bestelakoak eskainiko dituzte eragile ekologiko euskaldunek.
Besteak beste, ENEEKek Bioterran sortuko duen espazioan nekazaritza eta elikadura ekologikoaren inguruko informazioa emango da publiko guztientzat zuzendutako antzerki-emanaldiak egongo dira larunbata eta igande arratsaldean elikadura osasuntsuaren garrantziaz ohartarazteko eta familiei zuzendutako bioaniztasuna eta lurzoru emankorraren inguruko tailerra eskainiko da larunbata eta igande goizean eta arratsaldean. Honez gain, SAREKO proiektu berria aurkezteko hitzaldiak antolatuko dira ostiral eta igande arratsaldean, elikagai ekologiko ekoizleen eta Donostialdeako ostalarien arteko harreman sarea egituratzean oinarritzen den proiektua ezagutarazteko. Horrez gain, Bioterrarekin batera, haurrei zuzendutako landaketa-tailerra antolatuko da.

Bestelako proposamenak

Aurten ere nekazaritza ekologikoa azokako sektore garrantzitsuenetako bat eta «bisitariarentzako erakargarrienetako bat ere bai» izango bada ere, publikoak kezka eta interes gero eta zabalagoak dituenez, «Bioterrak kultura ekologikoaren eta iraunkortasunaren ikuspegi orokor» bat eman nahi du eta, horretagik, «elikadura ekologikoarekin eta osasunarekin zerikusia duten proposamenekin batera, beste gai batzuk ekarriko dizkigu, esaterako, bioeraikuntza, kosmetika ekologikoa edo moda iraunkorra». Azken gai horri dagokionez, edizio honetan, bai Espainiako Moda Iraunkorraren Elkarteak bai Gipuzkoako Modaren Klusterrak hitzaldiak emango dituzte, goiz oso batez, moda iraunkorrari buruz.
Izan ere, aurkezpenean parte hartu duen Maripuri Tijeritas enpresako Garbiñe Tolosak adierazi duenez, «moda iraunkorraz hitz egiten dugunean oraindik ere informazio falta handia dago eta kontsumitzaileek haria galtzen dute zigiluez, ziurtagiriez, termino zalantzagarriez eta publizitate iruzurtiaz hitz egiten dugunean». «Arropa-ekoizpen iraunkorra ez da merkea, baina bai iraunkorra eta kalitatezkoa, eta kontsumo-mota hori bultzatzen badugu, planetari laguntzeaz gainera etorkizuna duen bizimodu- eta ekoizpen-mota bat babestuko dugu, lanpostuak sortzen eta bertako ekonomia aberasten dituelako. Bioterra gai horiek guztiak jorratzeko eta zabaltzeko foro bat da», gaineratu du.
Gastronomia eta elikadura osasuntsuek ere izango dute tokirik. Xabier Mendizabal, 'El Curry Verde' jatetxe begetarianoko arduradunak, esaterako, Bioterrako 'Sukaldean' gunean parte hartuko du, munduko sukaldaritza begetarianoaren erakusketa batekin. Mendizabalek bere negoziorako Bioterra bezalako azoka batek zer-nolako garrantzia izan duen azpimarratu nahi izan du aurkezpenean: «Guri, ikuspegi profesional batetik, Bioterrak hornitzaile berriak ezagutzeko eta jada baditugun hornitzaileekin harremana estutzeko aukera ematen digu, azpimarratu du. Baina, Bioterrak, ikuspegi zabalago batetik, elikadura-kontsumo iraunkor bati buruz areagotzen ari den kezkari eta interesari erantzuten dio. Gure bezeroekin ikusten dugu hori, badakite kontsumoak gure ingurumenari eragiten diola, eta, horregatik, gero eta pertsona gehiagok produktu ekologikoak kontsumitzea erabakitzen du».

No hay comentarios: