martes, 25 de febrero de 2020

Udal organigraman euskarak zeharkako izaera izatea eskatu dio Bilduk Gobernuari

Noticia publicada en Diario Vasco,el martes día 25 de Febrero de 2020.

Udal organigraman euskarak zeharkako izaera izatea eskatu dio Bilduk Gobernuari

Ane Unanue eta Jokin Melida, Irungo EH Bilduko zinegotziak./
Ane Unanue eta Jokin Melida, Irungo EH Bilduko zinegotziak.

Antolakuntza berri hori ostiralean bozkatuko da, baita 2018-2022 Euskara Normalizazio Plana ere eta, honetan, koalizioak «jarrera ez oztopatzailea» izango duela aurreratu du

IÑIGO MORONDOIRUN.
Euskararen Normalizazio Plana 2018-2022 eperako ostiralean plazaratuko du Udal Gobernuak Udalbatzan. EH Bilduk «jarrera ez oztopatzailea» iragarri du proposamen honen inguruan, baina aurrera pauso gehiago eman behar direla adierazi zuen udaletxean koalizioaren bozeramailea den Jokin Melidak. «Erritmoak azkartu behar dira, azeleradorea zapaltzeko unea da», gogoratu zuen bere taldearentzat «euskara balorerik preziatuena» dela.
Plan honek 2022an du epemuga eta horren aurrean «datorren urtetik aurrera, euskara normalizatzeko plan berria landu nahi dugu prozesu parte hartzaile baten bidez», aurreratu zuen Melidak. «Eragileekin batera, normalizazio plan osatu eta sakona egin nahi dugu, euskarari merezi duen tratu duina emateko. Irungo EH Bildu buru-belarri jarriko da horretan».
«Urteak daramatzagu euskararen mesederako proposamenak aurkezten: euskararen erabilera sustatzeko, gazteei zuzendutako euskarazko ekintzetarako, hizkuntza paisaia hobetzeko, euskarazko komunikabideei dirulaguntzak igotzeko...», zerrendatu zuen Ane Unanuek, taldearen zinegotzia. Aipamen berezia egin zuen 2016an euskararen ikasketak doan egiteko luzatutako zuzenketaren inguruan. Nahiz eta orduan ez aurrera atera, «PSE, PNV eta PPek aurka bozkatu zutelako», fruitua eman zuen gerora «eta Irun izan zen diru laguntzen %100a beregain hartu zuen lehenengo udaletako bat».

Udalbatzetan euskara erabili

Euskararen aldeko jarrera «geroz eta partekatuagoa» dela ulertzen dute zinegotzi abertzaleek, «egindako lan pedagogikoari esker», baina inboluzioaren arriskua ikusten dute ere.
Horri aurre egiteko «biderik eraginkorrena instituzioek aurrera pausoak ematen jarraitzea da eta baita guztiok euskaraz gehiago egitea», adierazi zuen Unanuek. «Hori izan da, aspalditik, gure taldearen lehentasuna eta horregatik, udalbatzetan nagusiki euskaraz aritzen gara». Gainontzeko taldeei bide horretan sakontzeko gonbitea luzatu zien.
Eta hildo horrretatik dator ere EH Bilduk euskararen inguruan egindako beste proposamena, izan ere Udal Organigrama berregiteko lanetan dabil tokiko Gobernua eta ostiraleko Udalbatzara joango da ere proposamena. Bilduren zinegotziek haien ekarpenak Gabonetan egin zituztela gogoratu zuten. «Berdintasun eta gazteriarekin batera, euskarari zeharkako izaera ematea eta Alkatetzarekin zuzeneko harremana izatea eskatu genuen», aipatu zuen Unanuek. «Berriz ere, eskatzen diogu Gobernuari euskarari merezi duen lekua eman diezaion».

No hay comentarios: