Noticia publicada en Diario Vasco,el miércoles día 24 de Febrero de 2021.
'Utzi mezua seinalearen ondoren' antzezlana eskainiko du bihar Tanttakak Amaia Kultur Zentroan
Lau emakumeren istorioak mezuz mezu azalaratzen dituen lana da, Arantza Portabalesek idatzia eta Fernando Bernuések zuzendua
Lau emakume eta lau istorio. Hasiera batean ez zaie antzematen inongo zerikusirik. Lauek bizitzako arazoei aurre egiteko zailtasunak dituzte eta errazago aurkituko dute bere gertaerak erantzungailu automatiko batekin partekatzea. Lau emakume hauek terapia gisa erabiliko dituzte ahots-postontziak bere burua ulertzeko baita besteek ere.
Marinak, dibortzioetan trebatua dagoen abokatuak, bere senarrak utzi izanari aurre egin behar dio. Carmelak, minbiziak jota, semeari agurra eman nahi dio. Familia oneko Sara bere buruaz beste egiteko egoeran dago ezkon aurreko presioa dela eta. Vivianaren familiak Ikean lan egiten duela uste badu ere, prostituta da Madrilen.
Eleberritik taula gainera
Istorio latzak, bata besteengandik urrun hasiera batean, modu leunean, elkarren artean lotzen doaz. Eta kasu guztietan egoera komuna da: hitzak duen sekulako askatze indarra. «'Utzi mezua seinalearen ondoren' maitasunari, bakardadeari eta mugikorren garaietako komunikazioari eskainitako begirada adimentsua, zirraragarria eta umorez betea da», diote Tanttaka Teatroa taldetik.
DATUAK
- Antzezpena
- Bihar, Amaia Kultur Zentroan, 19.00etan. Sarrerak, 7,5 eurotan salgai Luis Marianoko Turismo Bulegoan eta amaiakz.sacatuentrada.es webgunean.
- Aktoreak
- Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Oihana Maritorena eta Leire Ruiz, Fernando Bernuesen zuzendaritzarekin.
- Ekoizpena
- Tanttaka Teatroak dakar proposamena Arantza Portabalesen eleberrian oinarrituta. Bernués eta Kike Díaz de Radak egin zuten egokitzapena eta Aizpea Goenagak itzulpena.
Arantza Portabales donostiarrak idatzi zuen 'Deixe a súa mensaxe despois do sinal' eleberria 2017an, gaztelerara eta italierara itzulia (bidean daude alemanera eta hebreerara itzulpenak). Antzerkirako egokitzapena Fernando Bernuesek eta Kike Díaz de Radak egin zuten eta Aizpea Goenagak euskararako itzulpena.
Ordu eta erdiko antzezlan hau aktore berberekin (Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Oihana Maritorena eta Leire Ruiz) gazteleraz eta euskaraz eskaintzen du Tanttakak. Kasu honetan, bihar Irungo Amaia Kultur Zentroko eszenatokian egingo den bertsioa euskarazkoa izango da. 19.00etatik aurrera izango da eta sarrerak, ohiko moduan, Luis Marianoko Turismo bulegoan erosi daitezke aldez aurretik, baita ere amaiakz.sacatuentrada.es web gunean ere. Sarrerek prezio bakarra dute, 7,5 eurotan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario