Euskara ordezkaria den Monica Martinez. / Irungo Udala
Monica Martinez Euskarako ordezkariak, gaur asteartean, Jose Antonio Loidi Bizkarrondo 2016 bekaren proiektu irabazlearen amaierako emaitza aurkeztu du. Nere Amaia Laskurainek eta Maddi Mujika Arrizabalagak irabazi zuten “Sasiarkazia (Robinia pseudoacacia L.) espezie inbaditzailearen azterketa dendrokronologikoa Bidasoa Behera eskualdean” lanarekin.
Monica Martinezek gogorarazi duenez, “bekaren asmoa da omenaldia egitea adopzioz eta bihotzez bidasoarra izan zen Jose Antonio Loidiri. Haren eredua jarraituz, ikerketa bultzatu eta lagundu nahi dugu zenbait arlotan; izan ere, bere bizitza osoan jardun zuen hain lan saiatu eta emankor horretan. Gainera, asmoa dugu euskaraz ikerketa zientifiko gehiago egin dadin bultzatzea; izan ere, Jose Antonio Loidik euskara izugarri maite zuen eta bultzatzen lagundu zuen. Hortik, gaur goizean aurkezten dugun bezalako proiektuak argitara emateko aukera”.
Nere Amaia Laskurain eta Maddi Mujika Arrizabalaga ikerlariak Irungo Udalak bi urtetik behin ematen duen ikerketarako Loidi Bekaren 2016ko edizioa irabazi ondoren, urtebetez aritu dira lanean eta orain aurkeztu dute lan horren emaitza jendaurrean.
Espezie exotiko inbaditzaileen eragina biodibertsitatearen galeraren kausa nagusienetako bat da mundu mailan. Sasiarkazia (Robinia pseudoacacia L.) klima epeleko eremuetako zuhaitz espezie inbaditzaile garrantzitsuenetakoa da. Espezie aitzindaria izanik, perturbatutako eremuak kolonizatzeko gaitasun handia du (adib: ezpondak, bide bazterrak…). Gainera, duen nitrogenoa finkatzeko gaitasunagatik inbaditutako inguruneak eraldatzen ditu. Honela, espezie autoktonoen galera bultzatu eta bertako biodibertsitatea kaltetuz.
Lan honen helburu nagusia sasiarkazia (espezie exotiko inbaditzailea eta aitzindaria) eta haritz kandudunez (Quercus robur L.; bertako espeziea, jarraiera naturalean aurreragoko etapatakoa eta baso helduetakoa) osatutako basoen dinamika ikertzea izan da. Honakoak izan dira ikerketaren helburu zehatzak: ikergai diren espezieen hazkuntzan klimak eta konpetentziak duten eragina analizatzea; ugarienak diren espezieen birsorkuntza ebaluatzea; eta haritza eta sasiarkaziaz osatutako basoen egitura eta konposizioa aztertzea.
Gipuzkoako probintzian kokatutako hiru basoetan burutu da ikerketa (Irungo bi eta bat Oñatin). Basoen egitura eta espezie nitrofiloen presentzia aztertzeko 30x10m-tako trantsektuak burutu dira baso bakoitzean (2ha-ko 10 trantsektutako proportzioa jarraituz). Horrez gain, hazkuntza ikertzeko espezie bakoitzeko 10 ale heldu lagindu dira. Lagindutako ale bakoitzarenganako konpetentzia, ordea, influentzia indizeen bitartez estimatu da. Indize hauetan, lagindutako zuhaitza ardatz izanik 10m-tako erradioan dauden zuhaitzen tamaina eta ardatzarekiko distantzia hartzen da kontuan.
Irungo bi partzeletako zuhaitz helduen eta zuhaixken dentsitatea Oñatikoa baino altuagoa da. Espezie ugarienen artean sasiarkazia, haritza, lizarra (Fraxinus excelsior L.) eta gereziondoa (Prunus avium L.) aurkitu direlarik. Horrekin batera, espezie nitrofiloen presentzia adierazgarria dela baieztatu da.
Ikergai diren bi espezieei dagokionez, sasiarkaziak haritzak baino hilkortasun-tasa handiagoa eta birsorkuntza-tasa txikiagoa ditu. Hazkuntzari erreparatuz, Irungo lehenengo partzelan eta Oñatikoan haritzaren hazkuntzak sasiarkaziarena gailendu du azken urteetan. Hortaz gain, haritza klimarekiko sasiarkazia baino sentikorragoa dela ikusi da. Eta hasiera batean esperotakoaren kontrara, konpetentziarekiko ere bai.
Ikertutako basoen kudeaketa orain bezala mantenduz gero, sasiarkaziaren ugaritasuna murriztu daiteke, beste espezieen aldean erakutsi duen birsorkuntza gaitasun baxua dela eta. Azkenik, klima aldaketak udako prezipitazioen beherakada ekarriko balu, honen efektua haritzarengan sasiarkaziarengan baino handiagoa izango litzatekeela estimatzen da.