martes, 18 de febrero de 2020

Euskararen hilabetearen jarduerak 7.000 haur eta gazteei iritsiko zaizkie

Noticia publicada en Diario Vasco,el martes día 18 de Febrero de 2020.

Euskararen hilabetearen jarduerak 7.000 haur eta gazteei iritsiko zaizkie

300 gazte inskribatu dira aurten Mintzodromo gaztean parte hartzeko. / F. DE LA HERA
300 gazte inskribatu dira aurten Mintzodromo gaztean parte hartzeko. /F. DE LA HERA

'Euskara, gure altxorra' lelopean antzerki eta magia emanaldi eta mintzodromoa ospatuko dira datozen asteetan

JOANA OCHOTECOIrun.
Euskara Udal arloak Euskararen Hilabetea antolatu du aurten ere. Zenbait jarduera berezien bidez, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean hizkuntzaren aldeko jarrera positiboa sustatu nahi da. «Programa honekin haur eta gazteen motibazioan eragin nahi dugu», azaldu zuen Mónica Martínez Euskara ordezkariak.
Aurtengoan, udal arloak «antzerkia eta magia» ikuskizunak antolatu ditu. Datozen asteetan burutuko diren emanaldiak «adin tarte bakoitzari egokitu dira». Guztira, otsailaren 26tik martxoaren 13a arte burutuko den programa «7.000 haur eta gazteei iritsiko zaio», zehaztu zuen ordezkariak. Aurtengo leloa 'Euskara, gure altxorra' izango da.
Arantza Zulet Normalizazio teknikariak emanaldien edukiak zehaztu zituen: ospatuko den lehenengoa, datorren astean, Haur Hezkuntzako txikiei zuzenduta dago. Asier Kidam magoak 'Aroa eta mirariak' ikuskizuna eskainiko die. «Ikastetxeekin elkarlanean aritzen gara eta beti eskatzen diegu haien iritzia eta proposamenak», azaldu zuen Arantza Zuletek. Ikastetxe batek proposatu zuen, hain zuzen ere, txikiei magia saio bat eskaintzea «oso egokia delako haientzat eta asko gustatzen zaielako».
Martxoaren 5ean eta 6an, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek Txalo Produkzioen 'Jon Beldurgabea' ikusiko dute, Grimm anaien ipuin klasikoan oinarritutako antzerkia. Istorio honen mezua oso argia da: «beldurra zer den ez badakizu, adorea ere ez duzu ezagutuko».
'Mari eta gaileta fabrika' da Bigarren Hezkuntzako 1go eta 2. mailetako gaztetxoek ikusiko duten antzezlana, martxoaren 11an eta Eidabek eskainita. «Obra honekin gaur egungo emakumeei bidea erraztu ziguten emakume langileei omenaldia egin nahi da», azaldu zuen Arantza Zuletek. Protagonistak bere amonari gailetak prestatu nahi dizkio, baina berak uste zuen «sorpresa politak» beste sentimendu eta oroitzapenak sortuko ditu amonarengan. Bukatzeko, martxoaren 13an Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako gazteek 'Zoaz pake santuan' antzezlana ikusiko dute. Txalo Produzkioak ekoiztutako komedia honek bikote baten istorioa kontatzen du: bere bizimodu aspergarriarekin amaitzeko, emakumeak gizona pozoitzea erabakitzen du, «baina hor ere sorpresak izango ditugu eta auskalo nola bukatzen den istorioa».

Iruneroren bi ale berezi

Emanaldi hauetaz gain, «ikasleen sormena erakusteko Irunero aldizkariaren bi ale berezi argitaratuko dira», erantsi zuen Mónica Martínezek. Batean Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1go, 2., 3. eta 4. mailetako ikasleen lanak bilduko dira, eta bestean, 5. eta 6. eta DBHko ikasleenak. Aldizkariak ikastetxe eta institutuetan banatuko dira, eta Euskara Arloaren web gunean ere izango dira ikusgai.
Euskararen Hilabetearen ohiko ekintza den Mintzodromo Gaztea ospatuko da ere: aurtengoan, DBHko 4. mailako 300 gazteek azaldu dute ekimenan parte hartzeko interesa. «Ikasle askok eman dute izena» eta hori goraipatzekoa da, baina «arazo bat ekartzen digu tokiarekin», azaldu zuen Arantza Zuletek. Euskara arloak Mintzodromoa martxoaren 6an ospatzeko asmoa zeukan, baina, kontuan hartuta ekimenak jaso duen harrera zabala, bi jardunaldi desberdinetan ospatzeko aukera baloratzen ari da: «ikasle guztiei parte hartzeko aukera eman nahi diegu».

No hay comentarios: