Bukatu dituzte Etxeberriko landa-bidea berritzeko lanak, hiriko bide garrantzitsuenetako bat
Azken 5 urteetan, milioi bat euro inguruko inbertsioa egin da hiriko landa-inguruneak lotzen dituzten bide horietan
Cristina Laborda Obretako ordezkaria Etxeberrira hurbildu da astelehen honetan, landa-bideak hobetzeko kanpainan berritu berri duten guneetako bat baita.
«Landa-bideak hobetzeko aurreikuspenetan, lan hauek genituen 2020rako», azaldu du Cristina Labordak. «Etxeberriren kasua dago batez ere, hiriko bide garrantzitsuenetako bat baita, eta faseka konpontzen ari gara, baina hiriko beste toki batzuetan ere ari gara hondatuta dauden beste zati batzuk konpontzen. Baserriei edo beste etxebizitza batzuei zerbitzua emateaz gainera, bide horiek asko erabiltzen dira paseatzeko edo kirola egiteko, eta egoera onean eduki nahi ditugu».
Etxeberrik 2 km inguruko luzera du (6 km, bide-adarrak ere zenbatuz gero). Bidea berritu egin da azken urteotan, 2016tik, hainbat jarduketa-fasetan, eta obra honetan Arbelaiztxipi eta Makatzaondo baserrien arteko azken zatia egin da. Orain arte, 364.788,56 euro inbertitu dira inguruko zenbait baserritara doan bide horretan. Aurten, hondatuta eta pitzatuta zeuden bide nagusitik 280m inguru konpondu dira.
Aurtengo kanpainaren aurrekontua 144.740,20 eurokoa izan da, eta Etxeberriko azken fase horretaz gainera, Usategietako bidea ere sartu
da, zehazki Gaintxurizketa-Erain zatian, eta Meakar bidearen zati bat ere bai, Aranburuko Errota eta Meakar Goikoa artean. Konpondu beharreko gainerako zatiak bezala, zati hori ere oso hondatuta zegoen, eta oso gutxi drainatzen zuen.
Milioi bat inguru
Zifretan, eta aurreko urteetako jarduerak batuta, 2015etik 2020. urtearen erdialdera arte 838.766,76 euro inbertitu dira hainbat landa-bidetako jarduketetan, hala nola Etxeberrin bertan, Oiakintan eta Zamora baserrirako eta Irugurutzetako labeetarako irispideetan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario