Hiriak Europako funtsetarako aurkeztu dituen proiektuak babestu ditu Irun Ekintzanek
Hiriaren etorkizunerako aukerak jasotzen dituzten hamazazpi proiektu publiko eta mistoren fitxa bana osatu da
Apirilean, alarma egoera betean, Irungo Udalak Irun Aurrera plana martxan jarri zuen, pizgarri ekonomiko eta sozialak emateko. Planaren lehen fasean, urgenteenean, autonomoentzako laguntzak, ibilerraztasunaren eta efizientzia energetikoaren esparruko dirulaguntzak, kontziliaziorako laguntzak, merkatariak trebatzeko planak, kontsumoa sustatzeko neurriak… abiarazi zituen Udalak.
Gainera, bazen Plana zabaltzeko eta epe luzean pentsatzeko konpromiso bat, eta, horrela, uztailean, talde eragile bat sortu zen, industriaren, trebakuntzaren, hirugarren sektorearen… esparruko entitate publiko eta pribatuek eta Irungo Udalak berak osatutakoa. Hilabete hauetan, lan dokumentu bat baliozkotzeko lan egin du, eta proposamen guztiak eztabaidatu eta COVID-19aren ondoren hiria berrasmatzeko eta hiriko ekonomia suspertzeko dokumentu bat ontzeko.
Bada, gaur arratsaldean, Irun Ekintzan-eko Kontseilu Nagusiaren aurrean aurkeztu da dokumentu hori.
Europako Suspertze Plana
Iruni egungo egoerari hobeto aurre egiten eta ekonomia suspertzeko irtenbideak bilatzen laguntzeko neurri eta helburuei buruzko hausnarketa estrategikoa da dokumentua, baina berau osatzen duten neurri eta helburu asko bat datoz Europako funtsek proiektuak finantzatzeko ematen dituzten aukerekin:
– Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruko makroproiektu traktorea
– Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruko ezohiko deialdietarako proiektuak
– Europar Batasunaren urte anitzeko finantzaketa esparruko ohiko deialdietarako proiektuak
Laguntza horietan oinarrituz, aurreikusten diren plan eta egutegien arabera, ekimenetarako finantzaketa lortu ahalko da, hainbat mailatan:
– Burutzat Udala edo Bidasoa bizirik duten proiektuak, zuzenean Suspertze Planaren barruan sar daitezkeenak
– Estatu mailan onartzen diren eta hirian kokatzen diren proiektuak (ADIFen geltokia)
– Euskal Autonomia Erkidego mailan onartzen diren eta hirian kokatzen diren proiektuak (trenbideen integrazioa)
– Gipuzkoan onartzen diren eta gure lurraldean kokatzen diren proiektuak
– Ohiko eta ezohiko deialdietara aurkezten diren proiektuak
Eragile ekonomiko eta sozialek eratutako talde eragilearen proposamenetan oinarrituz, etorkizunari eta Irun suspertzeko, biziberritzeko eta dinamizatzeko aukera berriei begiratzen dieten proiektuen zerrenda bat osatu da; zerrenda bizi bat, proiektu gehiago har ditzakeena barnean eta egungoak xehekiago zehaztu ditzakeena.
Europar Batasunak emango dituen ezohiko laguntza ekonomikoak eskuratzea da dokumentuaren helburua, baina, batez ere, Irunek etorkizunean zer aukera eta helburu berriri begiratu diezaiekeen pentsatzeko hausnarketa da dokumentua.
Irun Ekintzan-i aurkeztutako dokumentua hamazazpi proiekturen fitxa banak osatzen dute, eta proiektuak aurkezten, hirian eta ingurunean dituzten ondorioak zehazten eta proiektu bakoitzaren aurrekontua zenbatesten ditu. Bi bloke nagusitan banatuta dago:
a) Tokiko ekimen publikotik sortutako proiektuak
1. ViaIrun proiektua
2. ViaIrun proiektua. Aduanaren eraberritzea eta ikasteko, lan egiteko eta sortzeko berrikuntza gune bihurtzea
3. ViaIrun proiektua. Mugaz gaindiko berrikuntzarako lehen hiri barrutia (desjabetzeak)
4. ViaIrun proiektua. ADIFen geltoki berria
5. ViaIrun proiektua. ETSko trenbideen integrazioa ADIF plataforman Irungo berrikuntzarako hiri barrutian
6. Irun 4.0. Eraldaketa digitalerako bultzada
7. Eraldaketa ekologikorako bultzada
8. Ekonomia zirkularraren esparruko negozio eredu berriak
9. Emigrazioko eraikinaren birgaikuntza energetikoa
10. Alokairurako etxebizitza publikoa
11. Irungo merkataritzaren modernizazioa
12. Herritarren kultur zentroa (CBAren bigarren fasea)
b) Ekimen publiko pribatutik sortutako proiektuak
1. 5G sarea hirian eta industrialdeetan
2. Living lab proiektua (saiakuntza errealen bankua eta erabiltzaile eta ekoizleek berrikuntza elkarrekin sortzeko esperimentazio ingurunea), garraioaren eta mugikortasunaren esparruan
3. Osasuna 4.0 proiektua
4. Cross Border korridorea
5. Berrikuntza irekia
No hay comentarios:
Publicar un comentario