XABIER GARATE, ARTISAUA
“Espero dut erakundeek ikustea ondare oso bat dagoela, mantendu eta aberastu beharrekoa”
Xabier Garatek (Irun, 1960) ia 40 urte daramatza buruhandiak, erraldoiak eta eszenarako askotariko sorkuntzak egiten. Artisau-lana da berea, pieza bakarrak egiten baititu, luzaroan irauteko sortuak
AINHOA LORES - Jueves, 20 de Junio de 2019 - Actualizado a las 11:42h
Xabier Garate eta bere anaia Benito, Irungo tailerrean, hainbat lanez inguratuta. (IKER AZURMENDI)
Lanez lepo harrapatu dugu Xabier Garate bere Irungo tailerrean, lan karga handiena Euskal Herriko jaietako denboraldian izaten baitu. Marrazkilari ona izaki, gaztetatik lan ugari egin ditu espezialitate honi loturik. 1982an, kaleko animaziorako elementuak eta antzerkirako mozorroak fabrikatzen hasi zen, baina denbora gutxira, erraldoi, buruhandi eta antzekoak sortzen ere hasi zen, eta horretan jarraitzen du orduz geroztik, Oiartzunen lehenik eta Irunen ondoren.
Laster Irungo San Martzial jaiak hasiko dira;zu bertakoa izanda, nolakoak izaten dira aurreko egun hauek?
Guretzako jaietako denboraldi potoloa Urduñako Otxomaio jaiekin hasten dela esaten dugu eta urriko azken jaiekin, Basaurikoekin, bukatzen da. Jaiak, batez ere, udan izaten dira eta lanak aurretik eginda izan behar ditugu.
Batez ere, Euskal Herri mailan lan egitea gustuko duzu, ezta?
Bai, bezeroa hurbil izatea gustatzen zaigu, tailerrera etorri eta lan prozesua ikus dezan, horrela bereziagoa izaten da eskatzen duten produktu horri buruz egin dezaketen ideia. Hau ez baita erruz egiten den produktu bat, gero leku guztietara bidaliko dena inolako loturarik eta estimazio zuzenik gabe. Orain, adibidez, Villabonarako zenbait lan egin ditugu, Lekeitiorako ere bai, eta gero, urte mordoa duten piezen konponketak egiten ibili gara.
Nola ikusten duzu sektorea Euskal Herrian?
Tira, nik inoiz ez dut sektoretzat hartu, konpetentziazko zerbait izango balitz bezala. Niretzako kale antzerki taldeen modukoa da, hau da, bakoitzak ezaugarri batzuk dituen produktu bat eskaintzen du eta gero jendeak erabakitzen du zein gustatu zaion gehien. Ez da produktu komertziala, artisau-lana baizik. 1982tik nabil honetan lanean eta estres handiko uneak izaten dira batzuetan;beste batzuetan, berriz, lasaiagoak, baina orain arte nahiko ondo bizitzeko eman dit.
1982 urtean hasi zinela diozu, baina nondik datorkizu ogibide bihurtutako zaletasun hau eta nola ikasi duzu egiten duzuna egiten?
Bitxia da kontua, berez ez dagoelako honi buruzko ikasketa berezirik, nahiz eta Arte Ederrak ikasten duen jendea egon eta gauza garrantzitsuak egin. Nire kasuan, txikitatik abilezia izan dut marrazketarako, modelatzeko… baina inolako formaziorik gabe. Hasi ginenean, herri kultura berreskuratzeko urteak ziren eta jende gehiagorekin batera kale antzerki talde bat sortzea erabaki nuen. Ikuskizunak sortzen hasi ginen eta konturatu ginen maskara bezalako elementuak egin behar genituela. Azkenean konturatu ginen egiten genuenak bizitzeko ere eman zezakela eta ogibide bihurtzea erabaki genuen. Talentu pixka batekin eta pertseberantziarekin, eboluzionatzen zoaz eta azkenean serioago eta formalago egonkortzen zara. Gustuko duzuna egiten baduzu, eta horretaz bizi bazaitezke, primeran.
Asko aldatu al dira kale ohiturak?
Bai, eboluzio bat egon da, batez ere buruhandi eta erraldoien kasuan. Datuek diotenez, 1600. urte inguruan hasi ziren eta corpusaren prozesioetara oso lotuta zeuden. Zentzu horretan, asko aldatu dira, baina estetikoki eta formalki, ez hainbeste. Aitzina noblezia, erregeak… irudikatzen zituzten, baina diktaduraren amaierarekin eraberritze bat egin zen, herrikoiaren aldeko apustua eginez. Horrekin batera, herrietako pertsonaiak edo mitologiakoak berreskuratzen hasi ziren.
Mitologia aipatu duzu. Buruhandi eta erraldoien kalejirak haurrei kultura transmititzeko beste modu bat ere badira, ezta?
Hori da. Pertsonaia horiek berreskuratzeko beste modu bat da, eta gaur egun, gainera, ia ia telebistakoekin lehiatu behar dira. Eskatu izan didate Bart Simpson edo Disney-ren pertsonaiak egitea, baina ez dut egin nahi izan.
Deigarria da Iruñeko kasua. Erraldoiak, buruhandiak, kilikiak... kalean ikusten ditugu, kalejiran, baina oroigarrien dendetako erakusleihioak ere betetzen dituzte, umeek eurekin jolasten dute.
Guk txikitan tailerrera etortzen zirenen anekdota pila bat ditugu.Adibidez, ume horiek koskortu egin dira eta gaur egun erraldoiak daramatzaten konpartsetan ari dira, eta niri ere askotan ihes egiten zaizkidan xehetasunak gogoratzen dituzte: ze pertsonaia diren, nongoak, noiz egin nituen… Hauek figuratxoak oroigarri bezala egitea proposatu zuten, herrietako ikur bezala oparitzeko. Gomazkoak egiten hasi ziren, umeek eurekin jolasteko eta, egia esan, harrera ona izaten ari dira, haurrek panpin bezala ikusten dituzte eta asko gustatzen zaizkie. Hori etorkizuna da, txikitatik gustuko badituzte hori barruan geratuko zaielako eta nagusitan gaur egun erraldoiak eramaten dituztenen lekukoa hartuko dutelako.
Diozunez, gainera, pieza hauek ez dira plaza batean jartzen diren estatua estatiko horien modukoak.
Hori da. Askotan komentatu dut, erdi txantxetan, guk figura estatikoak egiten ditugula eta kalera ateratzen dituztenek, berriz, animazioa eta bizia ematen dizkietela. Antzerki herrikoi batekin lotura handia duela uste dut, honen funtzioa txotxongiloenaren modukoa izan daiteke, bizia ematen zaie eta ikuskizunaren parte dira, ez dago gidoirik, ez dago antzerki obra baten egiturarik, baina erritualetik asko du. Bestalde, badago oso kontu kurioso bat, lehen edozein musika piezarekin erraldoiek dantza egiten zuten eta gaur egun aldiz, kalejiretarako propio sortutako musika dago.
Eta zein izaten da kalejiretarako gehien erabiltzen den musika tresna?
Erabiliena dultzaina da. Soinu potentea du eta espazio irekietan indarra hartuko duen musika tresna bat behar da. Txistua, danbolina edota trikitiarekin lagunduta ere joan daitezke.
Nolakoa izaten da buruhandi edo erraldoi baten sortze prozesua?
Egiten ditugun piezak bakarrak izaten dira. Modelatzeko buztinezko prozesua izaten da aurrena, gero poliesterra erabiltzen dugu laminatzeko, azalaren leunketa dator horren ostean eta, bukatzeko, azken margoketa. Buruhandi batekin 50 bat lan ordu eman ditzakezu.
Luzaroan irauteko piezak sortzen dituzue.
Bai. Noizean behin ukituak ematen dizkiegu. Duela hilabete batzuk, Oiartzunerako egindako pieza batzuk konpontzen ibili ginen, adibidez. Guk sortutako lehenengoetarikoak dira hauek. Irauteko eginak daude, beste gauza bat da ematen zaien tratua, noski. Pixka bat zainduz gero, asko iraun dezakete. Nik askotan esaten dut: erraldoiak egiten ditut biziraun diezadaten, hori da ideia eta ez gizarte kontsumista honetako “erabili eta bota” filosofia.
Badira ordea, sutan erretzeko jaio direnak. Zer sentitzen duzu zure pieza bat erretzen ikustean?
Helburu horretarako jaiotzen dira. Irunen, adibidez, inauterietan Zanpantzarrak bere zikloa du eta erreta amaitzen du. Baina tira, sukaldearekin lotzen dut pixka bat, hainbeste orduko sukaldeko lana, gero lau mokadutan jateko. Onartzen duzu, badakizu ez dela mendekua eta bere bizitzaren parte delako erretzen dela. Bere ibilbidea laburra da.
Erraldoien jantziak ere zuek egiten dituzue?
Gaur egun, lan kopurua eta baldintzen arabera izaten da, orain jostun eta modista batzuekin lan egiten dugu. Garai batean guk geuk josten genuen dena, baina uste dut hobeto dela prozesuaren zati batean espezializatzea. Egurrarekin gauza bera gertatzen zaigu;erraldoi bat zutik mantentzeko, adibidez, ez da nahikoa lau makil jartzearekin, ondo aukeratutako egurrarekin asto batzuk egiten ditugu. Lizar egurra, esaterako, malgua da eta, era berean, gogorra. Pausoz pauso hobetzen saiatzen gara eta egur batzuk beste batzuengatik ordezkatzen ditugu. Azken finean, bai teknikoki, eta bai estetikoki ere, kalitatezko produktua eskaini nahi dugu.
Horrelako piezak gainean eramateak bere zailtasunak ditu. Zer nolako ezaugarriak izan behar dituzte eramangarriagoak izateko?
Batez ere pieza bera orekatuta egotea, baina zen-tzuzko pisu batekin, erraldoiak ibilbide ona izan dezan. Iruñekoek, adibidez, 65 bat kilo pisatzen dute eta horrek ahalegin fisiko handia eskatzen du, ikaragarri ondo dantzatzen dituzte. Guk, berriz, 25-30 kilo ingurukoak egiten ditugu, horrek bizkortasun handiagoa eskaintzen baitu. Erraldoiak eramaterako orduan talentu pixka bat izatea bilatzen dugu eta ez ia espezializazio bat;azken finean, erraldoiak dantzaraztea da helburua.
Sortzen dituzuen pertsonaiak bakarrak direla diozu. Bada zuretzako berezia den baten bat?
Zanpantzarrak, adibidez, hainbat gaiez modu ironikoan aritzeko askatasuna ematen dit;zentzu horretan, oso berezia da. Gero, egia esan, une bakoitzean egiten zauden pertsonaiaren gainean hainbesteko kariñoa jartzen duzu, azkenean denek daukate zerbait berezia.
Urtero aldatzen duzue Zanpantzarraren janzkera. Aurten, adibidez, robotez mozorrotuta irten da kalera. Zeren araberakoa da aukeraketa?
Ez dago irizpide zehatzik. Inguruan gertatzen denarekin pixka bat adi egotea da. Ingurumena, egoera sozialak… horiek izaten dira gaiak.
Aldarrikatzeko edo salatzeko modua ere bada, beraz.
Hori da. Asmoa eztabaida piztuta edo piztear dagoenean bistan jartzea da. Gaia umoretik lantzen dugu. Inauteriak, azken finean, oso serio izan daitezkeen gaiak ironiaz erakusteko baliagarriak izan daitezke.
Pentsatu izan duzue tailerrak eskaintzea pieza hauek nola egiten diren irakasteko eta ogibide honi etorkizunari begira jarraipena emateko?
Duela urte batzuk Aldundiaren bitartez maskarak egiten ikasteko tailerrak eskaintzen aritu nintzen. Oso ondo funtzionatu zuten, bazegoen jendea irtenbide bat ikusi ziona. Urteak pasatu dira ordutik, eta orain espero dut erakundeek ikustea ondare oso bat dagoela, mantendu eta aberastu beharrekoa.
Jaietan buruhandiak eta erraldoiak ikusi daitezke, baina badirudi oso jende gutxik dakiela zer eta nor dagoen guzti horren atzean.
Bai, herri bakoitzaren nortasunaren parte dela aitortzea nahiko genuke, eta horrekin batera, mantendu beharreko ondarea dela ikusaraztea. Pena izango litzateke desagertzen uztea. Erakunde publikoek ondare horren aldeko apustu sendoa egin beharko lukete.
No hay comentarios:
Publicar un comentario