domingo, 16 de febrero de 2020

Zaldunbordarako egitasmoaren kontrako martxa, Irunen

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el sábado día 15 de Febrero de 2020.

Zaldunbordarako egitasmoaren kontrako martxa, Irunen

Zaldunbordan egin nahi duten merkataritza gunearen gaineko informazioa eman dute gaur goizean Irunen, kalez kale egin den martxa batean.
Mobilizazioan parte hartu dutenen irudia.
Hamarnaka lagunek informazio martxa egin dute gaur goizean Irunen, Zaldunbordan egin nahi duten outlet erako merkataritza gunearen kontra. Renfeko geltokitik abiatu dira bertako partaideak 10:30ean, eta Irun erdialdea herritarrei informazioa ematen zeharkatu ostean, Urdanibia plazan bukatu dute bidea. Bidasoaldeko Lagunak eta Eguzki N2000 taldeek deitu dute mobilizaziora. Irungo Mugan merkatari elkarteak eta Zaldunborda Gelditu plataformak ere bat egin dute deialdiarekin.
Martxalariek zabaldu dutenez, merkataritza gune horrek Hondarribian eragina izango du, baina haien ustez Irungo tokiko merkataritzak jasan dezakeen eragina “biderkatu” egingo da: “Egitasmo hori justifikatzeko enpleguaren sorrera aipatzen dute. Hori hiritarrei iruzur egitea da. Ikerketa asko daude hori gezurtatzen dutenak. Gainera, sortuko liratekeen lanpostuak kalitate eskasekoak dira”.
Ingurumen argudioak ere erabili dituzte mobilizazioan izan direnek asmoa errefusatzeko. Aiako Harria parke naturalaren eta Jaizkibelen mendien artean dago kokatua egitasmoaren lurzorua, “bertan natur intereseko zonaldeak daude”. Gunea egiten bada, horrek milaka autoren joan-etorriak eragingo dituela ziurtatu dute.
“Erabakiak hartzen ari direnen belarrietara iritsi behar da herritarrek ez dituztela nahi horrelakoak. Hartutako erabakiak berriz ere pentsatu behar dituzte, eta zuzendu. Euren gestioak herritarren esfortzuaren isla izan behar du: ez dugu gure bizitza kalitateak kalteak jasatea nahi, osasun hobea merezi dugu, eta ingurumena zaintzeko gogoa dugu. Herri bizien alde egiten dugu”, zehaztu dute.

No hay comentarios: