jueves, 17 de febrero de 2022

Tanttakak 'Semea pixka bat motelago dabil soilik' testu saritua antzeztuko du

Noticia publicada  en Diario Vasco,el jueves día 17 de Febrero de 2022.

Tanttakak 'Semea pixka bat motelago dabil soilik' testu saritua antzeztuko du

Larunbat honetan egongo da ikusgai Amaia Kultur Zentroan, Fernando Bernués zuzendutakoa eta Bilbon duela hilabete bat estreinatutako obra 


 Tanttaka taldeko antzerkiaren aktoreak,entsegun batean ./ MAIKA SALGERO

JOANA OCHOTECO Irun.

Ivor Martinić kroaziarra 37 urte besterik ez ditu, baina dagoeneko ibilbide arrakastatsua du antzerki munduan idazle gisa. Bere 'Semea pixka bat motelago dabil soilik' testua kroaziar antzerki sarituenetako bat da, eta larunbat honetan Irunen ikusteko aukera izango da Tanttakaren eskutik.

2011an estreinatutako istorio honek dozena erdi sari jaso zituen Kroazian. Hiru urte ondoren Argentinan antzezlanaren moldaketa aurkeztu zen eta arrakasta haundia jaso zuen. Han izan zen, hain zuzen ere, non Tanttakakoek obra ezagutu zuten. Fernando Bernués zuzendariaren hitzetan, «liluratuak eta hunkituak irten ginen» antzerkitik. Duela hilabete bat Bilbon estreinatu zen konpainia euskaldunaren egokitzapena eta, orain, 'Semea pixka bat motelago dabil soilik' Irunera iritsi da.

Datuak

  • Non eta noiz. Larunbat honetan, hilak 19, Amaia Kultur Zentroan, 19:00etatik aurrera.

  • Sarrerak Turismo Bulegoan eta irun.org/sarrerak web gunean daude salgai. 15 euroko prezioa dute publiko orokorrarentzat, eta 10 euro Gazte txartela dutenentzat edo langabezian daudenentzat

Hamaika antzezlarien ahotsetan kontatzen da istorio hunkigarri hori: Mireia Gabilondo, Dorleta Urretabizkaia, Klara Badiola, Ane Gabarain, Miren Arrieta, María Redondo, José Ramón Soroiz, Martxelo Rubio, Xabi 'Jabato' López, Asier Hernández eta Ander Iruretagoiena. Famili bateko kideak antzezten dituzte, belaunaldi ezberdinetakoak: aitona eta amona, aita eta ama, izeba eta osaba, arreba, bi lagun... Eta Branko. Branko da motelago ibiltzen den seme hori, gaixotasun degeneratibo bat duena eta, 25 urtekin, gurpil-aulki batean dagoena.

Drama eta umore ikutuak

Baldintza honen inguruan ez ezik baina baita familiaren inguruan ere gertatzen diren hainbat bizipen eta sentimenduei buruz hitz egiten du antzezlanak: denboraren pasa, emakumeek egiten dituzten zaintza lanak, amets apurtuak, seme baten mina onartzearen zailtasuna, adineko baten buruko gaitza... Eta, baita, gazteen artean sortzen diren amodioak. Bizitzaren une sutsuak, batzutan latzak, besteetan umorez beterikoak.

'Semea pixka bat motelago dabil soilik' drama bat da, baina zuzendariak azpimarratzen duenez, ez du atsekaberik sortzen ikusleengan, «aldiz, pertsonaiekin egiten dute bidea». Eta, gainera, an-tzezlanean ez dira falta une dibertigarriak.

Irungoa antzerki honek Gipuzkoan ematen duen hirugarren urratsa izango da, Orion eta Oñatin antzeztu ondoren. Sarrerak salgai daude ohiko tokietan, Luis Marianoko Turismo Bulegoan eta www.irun.org/sarrerak web gunean. Prezioei dagokionez, sarrera orokorrak 15 euroko prezioa du, eta 10 euro 14 urtetik beherakoentzat, Gazte txartela dutenentzat edo langabezian dauden pertsonentzat.

No hay comentarios: