BANDtzaldia kontzertu-erromeria, ostiralean Irunen
Hiriko Musika Bandako 60 musikari baino gehiago eta AIKO taldeko musikari eta dantza maisuak elkarrekin arituko dira, Euskal Jirako ekitaldien barruan
Hiru mendeko historia duen Irungo Musika Bandaren beteranotasuna eta euskal dantzen hedapena sustatuz hamar urte baino gehiago daramatzanAIKO taldearen filosofia uztartuko dira datorren ostiralean, abuztuak 3, Irunen eskainiko den BANDtzaldia kontzertu-erromerian.
Hain zuzen ere, Garikoitz González Munduate Irungo Musika Bandako zuzendariaren aginduetara, 60 musikari baino gehiago arituko dira, erromeria dinamizatuko duten AIKO taldeko musikariekin eta dantza maisuekin batera. Saioa, Euskal Jirako ekitaldien baitakoa, Urdanibia plazan izango da 22:00etatik aurrera.
Euskal Jira, ekimenaren sustatzaileek ohar baten bidez gogoratu dutenez, «antzinako euskal gizartearen ohiturak, zaletasunak eta bizitzeko modua gogorarazteko irundarrek ospatzen duten jaia» da. Aurten 40. urteurrena ospatuko du, abuztuaren 3an eta 4an. Horrela, herriko plazan, Bandaren musikarekin egindako dantzaldia izango da ostiral gaueko protagonista.
Denak dantzara
Musikaz gain, «BANDtzaldia erromeria ere bada, eta AIKO taldeko dantza maisuak bertan dauden guztiei parte hartzera gonbidatuz eta dantzak gidatuz». Izan ere, «Irungo Bandaren beteranotasunari, AIKOren, euskal dantza tradizionalaren hedapena bultzatzen duen musikari eta dantza maisu taldearen, filosofia berezia gehituko zaio».
Irunen egingo den saiorako aukeratutako programan Sabin Bikandik konposatutako 18 lan baino gehiago aurki daitezke, bandarako Joserra Gutiérrezek konponduak. Bertaratzen den jendeak pasodobleak, jotak, jauziak, 'chotis'-ak, polkak edota ingurutxoak dantzatu ahal izango ditu, besteak beste. Musika entzuten den bitartean, dantza irakasleak plazan arituko dira dantzatzen, jaia alaitzen, publikoaren parte hartzea bultzatzen… AIKOrekin ohikoa denez, diote, «ez maisutasunik ez mailarik;beharrezkoa den bakarra dantza egiteko gogoak dira».
Kontzertu-erromeri ezohiko hau ahalbidetu duten bi eragileen helburuetako bat jendearen parte-hartzea sustatzea da, hain zuzen. 1973 urteaz geroztik izen ofiziala Agrupación Cultural Banda de Música Ciudad de Irún duen banda «protokolozko ekitaldien parte izatetik, herriko kultur eta gizarte jardueran erabat murgiltzera pasatu da, eta gaur egun, bere egiteko nagusietakoa musika zaleak sortzea» da. Hori dela eta, «kontzertu didaktikoak antolatzen ditu eta jarduera berritzaile askotan hartzen du parte, BANDtzaldian, adibidez».
BANDtzaldia, berriz, AIKO Taldeak burututako ikuskizun berria da, zeinetan Euskal Herriko Musika Banda desberdinekin adi diren elkarlanean, BBK Fundazioarekin batera. Pasa den urtean estrenatu zen lehenengo aldiz Bilboko Musika Bandarekin Azkuna Zentroan; eta Gipuzkoan, Errenteriako Niessen Kulturgunean. Hilabete honetatik aurrera, Portugaletek, Iruñeak, Gasteizek, Eibarrek, Barakaldok, Irunek, Estellak, Altasuak edota Zarautzek izango dute saioaz gozartzeko aukera, bertako bandekin eta AIKO Taldeko musikariekin eta honen dantza maisuekin.
AIKO, bere aldetik, musikariz eta dantza maisuz osatutako elkarte kulturala da, eta 10 urte baino gehiago daramatza «musika eta dantza tradizionalaren ondarea hedatzen eta ezagutarazten eta erromerien izpiritu herrikoia berreskuratzen ari da lanean, dantzarako espazio berriak sortuz eta gero eta talde zabalagoa inplikatuz». Taldearen bokazioa «modu natural, erlaxatu eta dibertigarrian jo eta dantzan egitea» eta pasio hori ahalik eta pertsona gehienei helaraztea da.
Euskal Herri osoan eskainitako erromeria, ikastaro, tailer eta emanaldi ibiltari kontaezinekin batera, taldearen jarduera ez da zuzeneko emanaldietara mugatu. AIKO Taldeak dantza egiteko musikaz osatutako 11 disko argitaratu ditu, eta kultura herrikoiaren ondarea ikertzeko eta hedatzeko beste zenbait ekimenetan ere hartu du parte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario