lunes, 30 de julio de 2018

Garai bateko ohiturak berreskuratzen

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el viernes día 27 de Julio de 2018.

GARAI BATEKO OHITURAK BERRESKURATZEN


Adin tarte guztientzako bideratutako egitaraua antolatu dute aurten. Argazkia: Euskal Jira.
Abuztuaren 3 eta 4an, Euskal Jira egingo dute Irunen. Aurtengoa 40. edizioa izango da. Urteurrena behar bezala ospatzeko, egitarau zabal eta plurala antolatu dute, adin tarte guztiei bideratutakoa, euskal kulturaz goza dezaten.
Datorren ostiralean hasita (abuztuak 3), urtero bezala, euskal musikaren doinuen eta dantzarien oihuekin esnatuko dira Irungo bizilagun gehienak. Beste Euskal Jira batek bereganatuko ditu hiriko kale eta plaza esanguratsuenak, eta ez edozein jirak: berrogeigarrena ospatuko dute, ostirala eta larunbata bitartean zehazki.
Abuztuko kultur eskaintzaren barruan kontsolidatutako jaia da, eta urtez urte, baserritar jantzia armairutik ateratzen dutenen kopurua gora doa. Euskal Jirako lehendakari Iñaki Olazabalekin bildu da Hitza, eta kontatu duenez, dagoeneko dena prest dute, Irun dantzan eta abesten jartzeko.
«Irungo Euskal Jira garai bateko gizon eta emakume euskaldunen zaletasunak, ohiturak eta bizitzeko era gogorarazteko asmoz sortu zen», adierazi du Olazabalek. Bi egunez, hainbat hamarkadaz atzera egiten dute irundarrek, garai bateko arbasoen egunerokora. Urteurren berezia behar bezala ospatzeko, nola ez, egitarau plural eta zabala antolatu dute aurten –—alboko koadroan ikusgai–—. Orain arte egindako ekitaldi klasikoez gain, adin tarte guztiei bideratutako jarduerak izango dira Irunen. Dantza emanaldiak, puzgarriak, haur jolasak, erromeriak, bertsolariak, erakusketak… Denetarik prestatu dute; antolakuntzatik diotenez, irundarrek eta gertuko herrietako lagunek ez dute aspertzeko tarterik izango.
Ekitaldi guztietatik, idiek tiratutako gurdi koloretsuak ikustea ikusgarria da oso, hori da antolakuntzatik gehien nabarmentzen duten ekitaldia. Gurdi horietan, gai ezberdinak lantzen dituzte, hau da, Irungo eraikin, txoko edota antzinako lanbideak islatzea da helburua. Gurdiekin, «herriaren eta arbasoen balore positiboak hartu eta orainaldira ekartzea» da asmoa, egun bakar batean bada ere, garai bateko ohitura horiek berreskuratzea alegia.
Aurten, desfilean bederatzi gurdi aterako direla kontatu du  Olazabalek (horietatik bat Hendaiatik etorriko da). Hurrengo asteburuan Irunen zehar desfilatuko duten gurdien gaien gaineko pistarik ez dute eman , «sekretuan» gordetzeko ohitura baitute. Hala, eskuekin urte osoan zehar egindako lanaren fruitua estreinakoz ikusiko dute irundarrek, primizian.
Aurtengoa berrogeigarrena izan arren, aspalditik dator hiria euskal kulturaren agertoki bilakatzeko ohitura.
Hiru aro
Zehazki, 1928. urtean lehen Euskal Jira egin zutela kontatu du lehendakariak. Ordutik, hiru aro edo etapa izan ditu festak.«1936ko Gerra dela eta, jira bertan behera geratu zen». Urte luzez debekatua egon arren, 1950eko hamarkadan berriz ere berreskuratzeko saiakera egin zuen Jostallu elkarteak, baina esfortzuak ez zuen fruiturik eman. 1978a ordea, hirugarren aro horren hasiera izan zen, eta ordutik, urtez urte izandako arrakastak bultzatuta, etenik gabe, Irungo kaleak musika, dantza eta giroz bete dituzte. Ez nolanahi gainera.
Hiriko kulturaren eta historiaren «zati garrantzitsu» izatera iritsi direla dio harro Euskal Jiraren buruak, eta nabarmendu duenez, herritarren artean arrakasta handia duen jaia da: «Jirak irundarren artean oso harrera ona du, txiki zein helduek primeran pasatzen dute». 40. ekitaldiarekin ere hala izango da, ikusle asko bilduko dituztelako ekitaldiek, eta hiriko eragile askoren inplikazioa lortu delako.
Informazio gehiago, argazki  eta bestelakoekin, irungoeuskaljira.com-en ikus daiteke

No hay comentarios: