MIGRATZAILE TALDE BATI BIZKARRA EMAN DIOTELA SALATU DUTE
STOP Kaleratzeak Bidasoa plataformak, SOS Arrazakeriak edota Erletxeak salatu dutenez, erakunde publikoek ateak itxi dizkiote migratzaile talde bati. Atzo gauean, plataformetako kideek 20 pertsona inguru topatu zituzten Irungo Renfe geltokian, kalean astebetez lo egiten ibili ondoren. Horietako bostek Donostiako aterpetxe batean sartzeko aukera lortu duten arren, besteek oraindik Irungo kaleetan jarraitzen dute, erakundeen aldetik inolako erantzun eta konponbiderik eman gabe.
Gaur goizean, plataformak, herritar batzuek eta EH Bildu eta Si se Puede taldeetako zenbait kide migratzaileen taldeko zortzi gizonekin bildu dira udaletxeko arkupetan. Bertan, gosaria eman diete eta euren egoeraz mintzatu dira. EH Bildu eta SPIko kideek jakinarazi dutenez, Gizarte Ongizate saileko ordezkari Sergio Corchonekin kontaktuan jartzen saiatu dira goizean zehar (migratzaileen egoeraren kezka helarazteko), baina ez dute erantzunik jaso.
Halere, udaletik jakinarazi dutenez, Irungo Eguneko Zentroan artatu dituzte zortzi gizonak. Bertan, janaria, lo egiteko eta dutxa bat emateko aukera eman diete. Ongizate Sailetik adierazi dutenez, “kezka handiarekin”, erakunde publikoei migratzaile taldearen egoeraren berri eman diete, konponbide azkar bat emateko asmoz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario