IRUN
Irun Irutenek ez ditu ateak itxiko nahiz eta lan taldea desegin
Udal hitzarmenaren murrizketa eta lehiaketa publikoak merkeago diren enpresekin galdu izana dira arazo ekonomikoen arrazoiak. Bolondresen lanarekin jarraituko du aurrera eta abenduan burutuko den bazkide batzarrean erabakiko du bere etorkizunerako bidea
20.10.12 - 01:50 -
Irun Iruten Euskara Elkartearen egoera ahoz ahoko berri izan da hirian azken asteotan. Egoera ekonomikoa dela eta hainbat langile kanporatu dituela, zenbait ekimen burutuko ez dituela edota istear dagoela esan da eta guzti hori argitzeko prentsaurrean agertu ziren atzo Lauren Etxepare eta Ricardo Etxepare zuzendaritzako kideak elkartearen lehendakari den Josetxo Arrietarekin batera.
Lauren Etxeparek hasiera hasieratik bi gauza argi utzi izan nahi zituen: «Irun Irutenek bere lan talde profesionala desegin behar izan zuela urriaren hasieran» eta elkarteak «ez dituela bere ateak itxiko». Eta egoera honetara ekarri dituen baldintzak argitu aurretik «zuzendaritzaren izenean lanean aritu diren langileei publikoki eskerrak» eman nahi izan zizkion. Izen-abizenekin, Andoni Urkiola, Begoña Huerta, Aritz Olagoiri, Itziar Rodríguez, Maite Berruet, Itziar Larzabal, Jon Caballero, Aitziber Estonba eta Arantxa Iriarte aipatu zituen, hainbat «arduradun, begirale, elkarte, eskola eta bolondresa», ahaztu gabe.
Galdutako diru iturriak
Azken 10 urteotan Irun Iruten Elkarteak hainbat programa garatu ditu euskara hirian indartu eta zabaltzeko: uda udalekuak, Laburbira, hitzaldiak, Udagiro, Gabonetako haur parkea, Olentzerori ongi etorria, Ongietorriak plana etorkinentzat, bertso eskola, bertso afariak, gazteentzako ikastaroak, ludoteka ibiltaria, Irunen kantuz, irteerak eta beste hainbat ekintza desberdin.
Guzti honen finantzaketa iturri desberdinetatik zetorren baina bi ziren nagusienak. Alde batetik, Ricardo Etxeparek adierazi zuenez, «Irungo Udalarekin hitzarmen bat. 2008tik 2010era, zenaren erdian geratu dena eta datorren urtean sinatuko ez dena, aurreratu digu Udal Gobernuak». Bestetik «lehiaketa publikoak», batez ere, Solas Jolas eta Eskola Kirola. «Hauekin, lehiaketan ateratako Kalean Bai ere finantzatzen zen, programa berak ez baitzuen ematen».
Krisi ekomiko egoera honetan «Udalak proposamen merkeena aukeratzera behartuta dagoela esan digu» eta hortaz, lehiaketa hauek kanpoko enpresek irabazi dituzte. «Diru kontuan aurreztea beste gauza batzuetan galtzea da, gure ustez. Alde batetik, diru hori ez delako Irunen geratuko, baina, batez ere, guk ez daukagulako enpresa etekina ateratzen: soberan gelditzen zen dirua beti beste aktibitateen finantziaketarako erabili da», zioen Ricardo Etxeparek.
Programak airean
Talde profesionala desegin arren, Irun Iruten aurrera darrai bolondresei helduta. Baina zuzendaritzak ezin du ziurtatu noizarte. «A-benduan deituko den batzarrean erabakiko da». 300 bazkide ditu el-karteak eta hauen gogoetaren ondorioek bideratuko dute etorkizuna. Batzar horretan «zuzendaritza berrituko da ere, izan ere, orain gaudenok garai bat itxi eta beste berri bat irekitzeko momentua dela ulertzen baitugu», zioen Etxeparek. Bitartean, Irun Irutenek antolatu, kudeatu eta burutzen zituen programa gehienak airean daude. Momentuz ez du mintzalagunik antolatuko eta, aldiz, Olentzerori harrerari eusteko asmoa dago. «Datorren urtekoa, zuzendaritza berriak hartuko du bere gain».
Josetxo Arrieta lehendakariak urteotan egindako lanaren balorazio «ona» egin zuen eta azken egunotan «jendearen erantzuna ikusita, gizarte irundarrak ere horrela uste duela badirudi. Behar bada, Udaletxeak, ez Gobernuak bakarrik, beste modu batean ikusten du. Hemen kolore guztietakoek lekua badutela onartu digute, baina gizarteak eman digun babesa ez dugu udalaren aldetik nabaritu». Momentu zail hauetan «eztia eta ozpina» dastatzen ditu. «Eztia, hainbat alorretan euskerak bere tokia izan dezan egindako lanagatik; euskaraz, Irungo gizartea iruten lagundu dugulako. Ozpina, egoera ekonomikoak ekarri dituen murrizketak gure hirian euskarari iritsi zaizkiolako. Badirudi denok itsaso berdinan gaudela, baina ez goazela ontzi berean».
No hay comentarios:
Publicar un comentario