miércoles, 15 de julio de 2015

EH Bilduk ‘Irunero’ aldizkarian “zentsura” egotzi dio Udalari

Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el miércoles día 15 de Julio de 2015.

EH Bilduk ‘Irunero’ aldizkarian “zentsura” egotzi dio Udalari

Ostean ‘Irun’ udal aldizkarian Yurre Ugarteren artikulua “hutsaldua” izan dela esan dute
XABIER SAGARZAZU - 2015(e)ko uztailaren 15a, asteazkena - 06:11etan eguneratua
‘Irun’ aldizkarian “nahastutako” sarrera eta artikuluaren hasiera.
‘Irun’ aldizkarian “nahastutako” sarrera eta artikuluaren hasiera.

IRUN 
- Irungo EH Bilduk ekainean Yurre Ugarte idazlearen iritzi artikulu batek Irunero aldizkarian izandako “zentsura” eta ondoren, talde politikoak berak, artikulu honi Irun udal aldizkarian tartea egin dionean “ustezko akats baten ondorioz” idatzi horrexek izan duen “hutsalketa” gogor salatu ditu.
Miren Izaskun Sorondo EH Bilduko zinegotziak, gogora ekarri du nola “Yurre Ugartek, ekaineko Irunero aldizkarirako prestatu zuen artikuluan, Jose Antonio Santano alkateak Alardearen inguruan duen jarrera eta hauteskunde kanpaina zituen hizketagai”.
Irunero aldizkaria Udalaren diru-laguntzaz argitaratzen da eta “ohiko prozedura da ale bakoitza atera aurretik, Udal Euskara arlora bidali eta han errepasatzea”, azaldu du Miren Izaskun Sorondok.
Baina ekaineko alea atera zenean, “Yurre Ugartek sekulako ezustekoa hartu zuen, bere iritzi-artikulu hori ageri ez zelako”, eta hori, bai egilearen ustez eta bai Irungo EH Bilduren ustez, “Udalaren zentsuragatik” izan zen, “idazki horretan esaten zirenak norbaiti gustatu ez zitzaizkiolako”.
Yurre Ugartek “bi urte eman ditu Irunero aldizkarian bere iritzi artikuluak idazten eta orain artean ez zuen inolako arazorik izan; baina justu Udala hauteskundeen ondoren jardunetan zegoelarik, eta Euskara arloaren burua alkatea beraren eskutan behin-behinean, zentsura hau gertatu” dela salatu du gogor EH Bilduk.
AURRERA PAUSOA Guzti honen aurrean, “Irungo EH Bilduk aurrera pausoa ematea erabaki zuen egile honen eta adierazpen askatasunaren defentsan, Irun udal aldizkariko Tribuna abierta izeneko atalean, oposizioko alderdiei dagokien bere tartea Yurre Ugarteren artikulu honi uztea” erabakiz.
Irun udal aldizkariaren 72. alea kalean da pasa den asteaz geroztik, “eta hor, artikulu honi eskainitako tartea nahita hutsaldua” izan delakoan daude EH Bildukoak.
Hala azaldu du Miren Izaskun Sorondok: “Gazteleraz sarrera-testu bat prestatu genuen, artikulu honek jasotako zentsura azalduz eta horregatik gure tarte hori ematen geniola esanez. Ondoren, artikulua bera ageri da, euskaraz. Baina sarrera testua bera oso korapilatuta dago eta justu azken esaldiaren aurretik, Irun aldizkariaren aurreko alean EH Bilduren tribunan agertutako testu zati bat ageri da, Ugarteren artikuluari buruzko edukin hau erabat nahastuz eta hutsalduz”.
Ekaineko Iruneron gertatutakoaren ondoren, “oraingo hau akats informatiko edo nahigabeko bati” egoztea “ez da batere sinesgarria” eta horregatik, Miren Izaskun Sorondok “gogor” kritikatu zuen Yurre Ugarteren artikuluaren gertatu dena.
“Argi dago Udala ez zela alderdi politiko batek bere aldizkarian duen tartea zentsuratzera ausartuko, baina edukin sarrera-testuan tartekatu den parrafo horrekin dena erabat nahasi” dutela salatu du EH Bilduko kideak.

No hay comentarios: