IRUN - Datorren urtera begira 1,5 miloi euro zertan erabiltzea erabakitzeko egiten ari den Irungo aurrekontu parte-hartzailearen prozesuak bere lehenengo fasea ostiral honetan itxiko du.
Izan ere, orain arte Palmera-Montero Gunean, Lekaenea ikastetxean eta Luis Marianoko adinekoen etxean egin diren zuzeneko bilera bakoitzetik, azken botazio orokorrera pasako diren bosna proiektu atera dira aukeratuta; eta atzo hasi eta ostiralera arte, 16 urtetik gorako irundar guztiek, Irun Txartela erabilita, www.irun.org webgunean jaso diren 60 proposamenen artean, beste azken bost finalistak aukeratu ahal izango dituzte.
AZKEN BOZKETA, URRIAN Ostiralean webgunean itxiko den lehenengo bozketa horren emaitzak aurrekontu parte-hartzaileen azken bozketara pasako diren 20 proiektuen zerrenda osatuko du eta orduan, berriz ere botu-kontaketa zerotik abiatuta, urriaren 6tik 15era, irundarrek, datorren urtean diru hori zertan gastatzea erabakiko dute, webgunean eta Irun Txartela erabiliz.
Gogora ekarri behar da Irungo aurrekontu parte-hartzailea bi zatitan banatzen dela. Alde batetik, hiritar guztiek aukeratu ahal izango dute 20 proiektu finalisten artean, datorren urteko aurrekontuko 1,3 milioi euro zeintzutan erabili.
Bestetik, aldi berean, 16 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako aurrekontu parte-hartzailea dago, 200.000 eurokoa. Honetarako, webgunean jaso diren 24 proposamen desberdinen artean bozkatuko da data berdinetan. - X.S.
No hay comentarios:
Publicar un comentario