Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el domingo día 26 de Mayo de 2019.
GAROA IGIÑIZ ETA EIDER GIL BETTI GOTTI EUSKARA ELKARTEKO KIDEAK
“Euskararen egoera txarra da Bidasoaldean: helduek ez dute sustatzen eta gazteek geroz eta gutxiago hitz egiten dute”
Betti Gotti euskara elkarteak 2004. urtean sortu zen Txingudiko bailaran euskal udalekuen falta sumatzen zelako eta hainbat ekimen antolatzen ditu urtean zehar
JON GUEZALA - Domingo, 26 de Mayo de 2019 - Actualizado a las 06:03h
Garoa Igiñiz eta Eider Gil
IRUN- Datorren ekainaren 22an ospatuko den Irungo festetako Kuadillen Egunaren antolakuntzan murgilduta dago Betti Gotti euskara elkartea egun hauetan.
Zein da Betti Gotti elkartearen helburu nagusia?
-Eider Gil: Betti Gotti Irun eta Hondarribiako euskara kultur elkarte bat da eta, beraz, gure eskualdean hizkuntza sustatzea da gure helburu nagusia. Gehienbat, udaleku euskaldunak antolatzen ditugu Bidasoaldeko haurrentzako.
Elkarteak 2004. urtean sortu zen. Noiz eta zergatik erabaki zenuten Betti Gotti-n parte hartzea?
-Garoa Igiñiz: Hasiera batean udalekuen harira sartu ginen elkartean, iaz, monitore bezala praktikak egiten. Elkartean oso jende gutxi zegoelako laguntzen hasteko aukera paregabea zela ikusi genuen. Bertakoak izanik, gu euskararen alde ez baginela sartzen inor ez zela sartuko pentsatu genuen.
Zenbat kide ditu elkarteak momentu hauetan?
-E. G.: Sei bakarrik, eta horietatik lau berriak gara. Azkenean boluntarioak gara, ez dugu dirurik kobratzen, eta lan pila bat daukagu. Hala ere, norbaitek gurekin lan egin nahi badu, gure ateak guztiz irekiak daude, laguntza beti ongietorria da. Gure helbidea bettigotti@hotmail.com da.
Nola doa aurtengo Irungo festetako Kuadrillen Egunaren antolakuntza?
-G. I.: Nahiko ongi. Ohikoa den bezala ekainaren 22an ospatuko da eta goizeko 9.00etan gosaria eskainiko dugu Urdanibia plazan eta, jarraian, 9.30ean, kuadrillen arteko Olinpiadak ospatuko ditugu. Parte-hartzaile bakoitzari pintxo-pote bat emango zaio eta talde irabazleak saria izango du. Gero trikitilariak eta txaranga bat izango ditugu Alde Zaharrean zehar eta kalejira Urdanibian. Herri Bazkaria 14.15ean hasiko da Ficobako 1. eta 2. pabilioietan. Bertan, arratsaldean zehar musika eta dantza egiteko aukera izango dugu Ezten Giro taldearen emaldiarekin eta, bukatzeko, 20.30ean ospatuko den beste kalejira batekin, Burrunba Elektrotxarangak eskainita.
Noiz jarriko dira sarrerak salmentan?
-E. G.: Tiket salmenta datorren astean egingo dugu. Lehenengo maiatzaren 31n San Juan plazan egongo gara sarrerak saltzen, 18.30etik 20.30era. Hurrengo egunean, ekainak 1, Palmera Monteroko Gizarte etxean egongo gara, 12.00etatik 13.00etara. Prezioa 18 eurokoa izango da eta sarrera bakoitzako euro bat Irungo Harrera Sareari emango zaio.
Zer eskatuko zeniekete Herri Bazkarira joango diren gazteei?
-G. I.: Alde batetik, adingabekoei sarrerak ez erostea eskatu nahi genieke;zenbakituak daude eta 19 urteko beherakoak ezin izango dira Ficobara sartu Herri Bazkariaren egunean.
-E. G.: Gainontzekoei errespetua ezinbestekoa dela gogorarazi nahi diegu. Oinarrizko gauzak eskatzen ditugu eta beste urte batzuetako jarrera desegokiak errepikatzen badira neurriak hartu beharko ditugu. Oso antolatzaile gutxi gara eta Ficobako 1. eta 2. pabilioiak 1.800 lagunentzako edukiera daukate.
Nola ikusten duzue euskararen egoera Irun eta Hondarribian?
-G. I.: Gaizki. Gure inguruan ikusten ditugun helduek ez dute hizkuntza behar den bezala sustatzen eta gazteen artean geroz eta gutxiago hitz egiten da. Egoera Hondarribian Irunen baino hobeagoa da.
Hondartza bat. G.I.: Hendaiakoa esan beharko, Ondarraitz.
E.G.: Ez naiz hondartzazalea.
Mendi bat. G.I.: Aiako Harria.
E.G.: Jaizkibel.
Paisaia bat. G.I.: Justizetik itsasoaren ikuspegia.
E.G.: Berdina esango nuke.
Festa bat. G.I.: San Martzial.
E.G.: Hondarribiako festak.Txoko gustokoena . G.I.: Nire aitonaren eta amonaren garajea. Han egiten ditugu bazkari familiarrak, urtean oso oso gutxitan. Leku berezia da niretzat.
E.G.: Hondarribiako edozein leku.
Gipuzkoatzen
No hay comentarios:
Publicar un comentario