Kanarietako, Venezuelako, Argentinako eta Euskal Herriko musika Bidasoa Folken
Abuztuaren 16, 17 eta 18an egingo da XIX. edizioa
Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, Bidasoa Folken XIX. edizioa antolatu dute. Abuztuaren 16, 17 eta 18an izango da Hondarribian, Irunen eta Hendaian, hurrenez hurren. 3 kontzertu egingo dira Folkaren eta musika garaikidearen eszenan erreferentzia diren taldeekin. Kanarietatik, Venezuelatik, Argentinatik, eta nola ez, Euskal Herritik etorritako taldeez gozatu ahal izango da.
Irungo Udalaren ordezkari gisa Miguel Angel Paezek hauxe nabarmendu du: “Bidasoa Folk antolatzen dugun hemeretzigarren urtea da jarraian aurtengoa, apustu irmoa eginez kalitatezko musikaren eta kultur aberastasunaren alde, betiere ardatz gisa kontuan harturik ekitaldiaren mugaz gaindiko izaera”.
Bestalde, Hondarribiko Udalaren ordezkari gisa hauxe esan du Kulturako zinegotzia den Kalixa Silanesek: “abuztuaren erdian, Txingudi badiako hiru hiriak eszenatoki ezin hobeak izango dira oso kalitate handiko folk musika entzuteko, seguru txoratuta geldituko direla herritarrak nahiz kanpotik etortzen direnak”.
Hendariako Udalaren ordezkari gisa, hauxe erantsi du Christelle Cazalisek: “oso kontuan eduki behar dugu Bidasoa Folkek kultur balio handiko kontzertuak eskaintzen dituela, garai ezin hobean, eta gainera doan. Bidasoan udaz gozatzeko modu bikaina, inolaz ere”.
Abuztuak 16: Pauline&Juliette Hondarribian
Jaialdia abuztuaren 16an hasiko da Hondarribiko Arma Plazan 21:00etan ‘Pauline&Juliette’ bikotearen kontzertuarekin. Bi kantari gazte, Pauline Junquet, 23 urte, Kanbokoa, eta bestea Juliette, 19 urte, Itsasun bizi dena. Biak kantari zoragarriak, biak musikari trebeak. Arrakasta handia dute gaur egun Euskal Herriko plazetan eta haratago ere. Beren lehen diskoa argitaratu dute duela gutxi, Agorila diskoetxearekin, Hegaldaka izenburua emanez. 11 folk kantu biltzen ditu, gehienak euskaldunak, baina baita kanpoko abeslari batzuenak ere, hala nola Francis Cabrel frantses kantari ospetsuarenak.
Abuztuak 16: Kare laukotea Hondarribian
Bigarren kontzertua ere Hondarribian izango da, lehenengoa bukatutakoan, 22:30ean.
Rosarioko gizonezko ahots taldea, 2010. urteaz geroztik herri musikaren bidea egiten ari dena. Karek apustu handia egiten du ahotsetan, ahots moldaketa guztiz landuekin, lehen mailan jarri nahi du hitza, hauxe da, abesten ari den mezu poetikoaren interpretazio sentimena. Gitarra bat besterik ez dute lagun.
Honako hauek osatzen dute Kare taldea: Diego Petrelli (1. tenorra, Gitarra eta Moldaketak) Julián Cerdán (2. tenorra) Gianni Lazzetta (Baritonoa) eta Mauricio Cuesta (Baxua). Fran Lasuen, Antxon Sarasua eta Josean Martín bezalako musikarien kolaborazio bereziak izango ditu Bidasoa Folkerako.
Abuztuak 17: Pedro Guerra Irunen
San Juan plaza izango da Bidasoa Folken bigarren jardunaldiaren eszenatokia. 22:00etan hasiko da Pedro Guerraren kontzertua, eta ‘#golosinas2018’ aurkeztuko du, 90. hamarkadako espainolezko musikan eraginik handiena izan duen albumetako bat.
Diskoa erabateko iraultza izan zen egile abestietan eta denboraren joanean katautoreen belaunaldi berri oso baten burualdeko album bilakatu da, eta haietako batzuek omenaldia egin nahi izan diote maisuari beren ahotsak harekin elkartuz.
Pedro Guerra kantautore kanariarrak Golosinas albumarekin hasi zuen bere karrera bakarka 1995ean. Debut guztiz distiratsua, zuzenean grabatua, gau mitikoen magia atzemateko Libertad 8 kafe etxe madrildarrean. Emanaldi haietan Pedrok publikoa irabazi zuen bere konposizioen sakontasunagatik eta freskotasunagatik.
Abuztuak 18: C4 Trío Hendaian
Azken kontzertua abuztuaren 18an izango da Sokoburun, Hendaian, 22:30ean, ‘C4 Trío talde venezuelarrarekin.
Jorge Glem Cumanakoa, Hector Molina Meridakoa eta Edward Ramirez Caracasekoa hiriburu Venezuelarrean bildu ziren azken urteetako musika proposamen garrantzitsuenetako bati forma emateko.
2018an C4 Trío taldeak beste lorpen bat izan zuen, Grammy 2018 sarietarako izendatu baitzuten rock urbano eta alternatiboko albun latino hoberen gisa Pa’Fuera diskoagatik, Desorden Público ska talde ospetsuaren kolaborazioarekin grabatua.
Mugaz gaindiko udal lankidetzari esker egiten da Bidasoa Folk, indarrak elkarbilduta nazioarte mailako kalitate oneko taldeak ekartzeko, herritarrei kontzertuak doan eskaintzeko eta bisitariak erakartzeko kultur agenda interesgarria izan dadin.
Bidasoa Folken espiritua
2001ean sortua, kultura arteko proiektu honen hasierako asmoa zen mugaz gaindiko folk musika jaialdi bat antolatzea Hondarribiko, Irungo eta Hendaiako udalen artean, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez.
Udalen arteko lankidetza horrek aukera eman du antolakuntza mailan ahalegin guztiak elkartzeko eta kalitatezko folk musika jaialdia aurkeztu ahal izateko doaneko kontzertuen bidez, era guztietako jendea erakarri ahal izateko: Bidasoaldeko herritarrak eta bisitariak, gazteak eta hain gazteak ez direnak, zaleak eta jakin-nahia dutenak…
Jaialdi honek aukera ematen du Bidasoa-Txingudi Eskualdea kultur eta turismo intereseko gune gisa garatzeko eta era berean hainbat herrialdetako musikari eta tradizioei balioa emateko. Gainera, jaialdi honen kultur eta musika aniztasunak agerian uzten du Bidasoa-Txingudiko lurraldeak berak duen kultur aniztasuna.
Jaialdi paregabe honek irauten duen bitartean Bidasoa-Txingudi eskualdeko herritarrak biltzea eta elkar hobeto ezagutzea ere bada Bidasoa Folken beste izateko arrazoietako bat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario