Hainbat ekitaldi antolatu dira Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan
Udalak alde batetik eta hainbat elkartek bestetik, ekimen programa potoloa antolatu dute datozen egunetarako
- I. MORONDO
- IRUN
Frantzisko Xabierkoa 1522ko abenduaren 3an hil zen eta, kondairak dioenez, hil aurreko azken hi-tzak bere ama-hizkuntzan izan ziren, euskaraz. Hori dela eta, 1949an Eusko Ikaskuntzak egun hau ezarri zuen euskararen nazioarteko egun gisara. 1995ean, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak, bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten.
Honen guztiaren azalpenarekin hasi zuen Fernando San Martin Euskara arloko zinegotziak datorren astean Udalak antolatu dituen ekimenen berri emateko aurkezpena.
Nahiz eta egun handia, abenduaren 3arekin, asteazkenean ospatu, astelehenetik aurrera hasiko dira aktibitateak Artaleku kiroldegiaren kafetegian. Batetik, Kunsthalek jarriko duen egur eta metalezko euskarria kiroldegiaren erabiltzaileek uzten dituzten mezuei ezker Ametsen arbola bilakatzen joango da astean zehar. Han bertan, astegunetan arratsaldez, Steps Junior kooperatibak bultzatu duen 'Elkarrizketariak'-ek euskara maila baxuko hiritarrak deituko ditu euskaraz hitz egiterakoan lotsa galtzeko prestatuta dagoen mintzapraktiko saioetara.
Asteartean bi film ikusi ahal izango dira Amaian, haurrentzat 'Dixie eta matxinada zonbia' eta helduentzat, 'Loreak'. Bientzako gonbidapenak Gazte Informazio Bulegoan eskuratu daitezke.
Asteazkenean Txanaleta plazan jarriko den karparen inguruan egingo dira batipat egun nagusiaren ekimenak. Joan den urtean arrakastaz estreinatu zen euskararen aldeko Post-it Art-a ez da faltako; ezta Min-tzodromoa ere, aurten, Hego Lapurdiko Hiriguneak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak osatu berri duten Sareuskak antolatua. Arratsaldez, haur jolasak izango dira han; Kiki, Koko eta Moko pailazoak ondoren eta Euskarari kantari ekitaldia gero. Udal liburutegian, berriz, Maider Galarza izango da ipuin kontalaria.
Elkarteen programa
Udalak, Kunsthal eta Steps-en laguntzaz, antolatutakoak ez dira Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan prestatu diren ekimen bakarrak.
AEK, EKT, Kemen, Betti Gotti, Antxeta Irratia, Auntxa, Txorimaloak, Musika Eskola, Irunabar, Irungo Atsegiña, AFI eta Santiagoko Deabruak elkarte eta eragileek lan talde gogotsua sortu dute eta programa aberatsa osatu. Hilabete honen erdialdean hasi ziren bere proposamenak burutzen, baina abenduaren 3a gerturatu hala, martxa bizkortuz doaz. Asteburu honetan zehar hainbat ekimen antolatu dituzte eta bere programa abenduaren 8a arte luzatuko dute.
Programa osoaren berri izateko, bettigotti.com/eus/ebeeusk.php webgunea kontsultatu daiteke.
No hay comentarios:
Publicar un comentario