sábado, 12 de septiembre de 2020

Bigarren Euskaraldiaren prestaketak martxan ditu Irunek

Noticia publicada en Diario Vasco,el sábado día 12 de Septiembre de 2020.

Bigarren Euskaraldiaren prestaketak martxan ditu Irunek

Lide Redondo dinamizatzailea, Uvesco-ko Pedro Galdós, Mónica Martínez Euskara ordezkaria eta Gurutz Aginagalde, Bidasoako presidentea. / DE LA HERA
Lide Redondo dinamizatzailea, Uvesco-ko Pedro Galdós, Mónica Martínez Euskara ordezkaria eta Gurutz Aginagalde, Bidasoako presidentea. / DE LA HERA

Berritasunekin dator azaroaren 20tik abenduaren 4a bitarte burutuko den hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa honen edizio berria

IÑIGO MORONDO
Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko izena eman du hiriak eta prestaketetan dabiltza eragile publiko eta pribatuak. Ildo horretatik, Udal Euskara Arloak datorren asteko ostegunerako, hilak 17, Palmera-Montero Guneko 2. aretoan batzar irekia deitu du (izena emateko, 647975885 eta irun@euskaraldia.eus, Covid-a dela eta). Edizio berri honen aurkezpena egingo da eta eragileen partehartzerako izen-ematea martxan jarriko da.
Euskaraldiaren bigarren edizio honek, 'Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan' lelopean, ahobizi eta belarriprest rolak mantenduko ditu. «2018an egindako lan hartan sakontzera dator», adierazi zuen arloko ordezkari den Mónica Martínezek. Orduan bezala, norbanako ariketa izango da «baina, oraingoan, taldekoa ere. Horretarako entitate eta enpresek 'ariguneak' sortzeko aukera izango dute». Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute irailaren 27 baino lehen euskaraldia.eus web orrian. Ariguneak diseinatu eta burutzeko «erabateko laguntza izango dute Udalaren aldetik», zehaztu zuen Martínezek.
irundarrek parte hartu zuten dela bi urte egin zen Euskaraldiaren lehenengo edizio hartan
Aurten, lagun gehiago mobilizatzeko lanean dabil Udal Euskara Arloa.

Dagoeneko martxan

Badira zenbait erakunde eta enpresa izena eman dutenak eta horien artean Uvesco eta CD Bidasoa, adibidez. Bi entitate hauen ordezkariak, Martínezekin eta Irunen Euskaraldirako dinamizatzailea den Lide Redondorekin agertu ziren.
Uvesco enpresako marketing buru Pedro Galdósek adierazi zuen «lehen momentutikan» argi izan zutela «parte hartu behar genuela. Hiriko enpresa bat gara, 50 urte baino gehiago daramagu hemen eta gizartearekiko ardurari garrantzia ematen diogu. Kultura, kirola eta hizkuntzarekin elkarlana egitea gustatzen zaigu eta ekitaldi hau garrantzitsua da guretzat».
Bidasoa eskubaloi taldeko presidenteak, Gurutz Aginagaldek, euskararen erabilera zabaltzeko kirolak dituen baliabideak azpimarratu zituen. «Bidasoak, eskualdeko eta Gipuzkoako erakunde bezala, lanean jarraitu behar du euskararen erabilpenak igotzen jarrai dezan. Oinarria etxean daukagu: zalegoak, lankideak, kazetariak... hamaika eragile dauzkagu inguruan euskaraz hitzegiteko eta ulertzeko gai direnak. Eta ohikoa da ere gure jokalariak beraien artean euskaraz egiten aurkitzea», azaldu zuen. «Euskaraldiak ematen digun leiho hau aprobetxatzea eskatu nahi nioke irundar orori. Utzi ditzagun alde batera euskararen inguruan gertatzen diren hankasartzeak eta horrekin sortzen diren kezkak eta erabil dezagun euskara».

Egutegia

Redondok datorrenaren errepasoarekin bukatu zuen agerraldia. Osteguneko bilera eta gero, hurrengo data esanguratsua hilaren 24a izango da, izan ere, ahobizi eta belarriprest izateko izenemate epea irekiko baita. 27an ariguneak sortu nahi dituzten entitate eta enpresentzako izen-emate epemuga helduko da. Bitartean dagoena dagoela, ez ahaztu azaroaren 20tik abenduaren 4a arte egingo dela Euskaraldia.

No hay comentarios: